Hiruen ama hizkuntza da euskara eta betidanik ikasi dute hizkuntza horretan. Beraz, "erosoa eta naturala" egin zaie prozesua mintzaira horretan burutzea eta gustura jardun dira. "Egia da gidabaimena ateratzea erronka dela eta ikasteari denbora eskaini behar zaiola baina euskaraz egiteak lagundu dit edukia hobeto ulertzen eta konfiantza gehiagorekin prestatzen", aitortu du Rekondok. Hernandez ere ederki moldatu da, nahiz eta onartu duen "kontzeptu tekniko batzuk" barneratzea zertxobait kosta zaiola.
Gidabaimena atera nahi eta hizkuntza aukeratzerakoan zalantzatan dabiltzainei prozesua euskaraz egitea gomendatu diete hiruek: "Ingurukoei ari naiz atal teorikoa euskaraz egitea aholkatzen, batez ere, txikitako hizkuntza hori dutenei. Niretzako, txikitatik erabilitako hizkuntzan azterketa hori egitea errazagoa izan da eta beste askorentzat ere horrela izan daitekeela uste dut", azpimarratu du Lizasok.