"Jendea gure kantak abesten entzuteak sekulako ilusioa egiten digu"

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 24a

Argazkia: ERTZ

Ane Jimenez eta Oier Toquero - ERTZ musika taldeko kideak

Okendo plazako akelarrean ariko da Ertz musika taldea bihar, hilak 25. Emanaldiaren atarian, bi taldekide elkarrizketatu ditu TXINTXARRI-k.

Bihar Okendo plazan kontzertua eskaintzeko gogoz dira Ertz musika taldeko kideak. Sorgin Jaiak-ek gonbidatuta ariko dira herriko plaza nagusian, eta hori horrela, are bereziagoa sentitzen dute euren parte hartzea. Bost musikarik osatzen dute taldea: Ane Jimenez Beltran, Oier Toquero Fadrique, Lander Jimenez Beltran, Urtzi Furundarena Martinez eta Leire Anabitarte Soroa. Azken hori ez da jaietako emanaldian izango ikasketak atzerrian egiten ari delako, eta bere lekuan ariko da Haritza Diaz de Guereñu. Horien guztien artetik, musika emanaldiaren harira, lehenengo biekin hitz egin du TXINTXARRI aldizkariak.

Nola sortu zenuten Ertz? Eta nondik dator taldearen izena?

Oier Toquero: Txikitatik ezagutzen dugu elkar. Musika eskolan instrumentuak jotzen genituen, eta arratsalde batean entseatzeko geratu ginen. Gaztelekuko lokaletan hasi ginen probak egiten; gustatu zitzaigun, eta pixkanaka aurrera egin genuen. Ahotsa falta genuen, ordea, eta, hori horrela, Ane batu zen taldera.

Ane Jimenez: Aurretik Louh taldean aritu ginen. Talde hark etenaldi bat izan zuen, eta denok faltan botatzen genuen musika egitea. Hori horrela, berriro ere musika taldearen bideari eustea erabakita sortu genuen Auskalo erromeria taldea. Gerora, Gaztea Maketa Lehiaketaren harira [2024ko abenduan parte hartu zuten], nik dagoeneko sortuta nituen abesti batzuekin lanean hasi, eta hortik sortu genuen Ertz.

O.T.: Izenarena ez da gehiegi pentsatutako zerbait izan. Nolabait, erromeria taldearekin herri askotako ertzetan jo izan dugulako proposatu genuen, gustatu zitzaigun eta taldea hala izendatzea erabaki genuen. 

Zerk bereizten du Ertz gainerako taldeengandik?

A.J.: Agian gure ezaugarri bereizgarriena da ezin garela sailkatu estilo bakar batean. Taldekide bakoitzak gustuko dituen musika eraginak ditu Ertzek, eta hori nabari da abestietan. Musikari bakoitzak bere gogoko musika estiloen araberako ukituak eman dizkio abesti bakoitzari. 

O.T.: Kanta guztiak oso desberdinak dira elkarren artean. Batzuk lasaiagoak dira, beste batzuk biziagoak, baina denok uzten dugu gure arrastoa abesti bakoitzean. Urtzik [bateria jotzailea], adibidez, bateriaren erritmo aldaketekin jolastea gustuko du, baita nik gitarretan ukitu indartsuagoak sartzea ere; eta Landerrek haize instrumentuak txertatzen ditu askotan. Horrek nortasun berezia ematen dio taldeari.

 

"Aurrera begira, abesti berriak sortzeko prozesua gehiago partekatu nahi dugu"

 

Abesti propioak sortzen dituzue. Nolakoa da horien sorkuntza prozesua?

A.J.: Arestian esan bezala, Gaztea Maketa Lehiaketaren aurretik bagenuen materiala sortuta. Landerrek eta biok hainbat kanta idatzi genituen, eta taldekideei aurkeztu genizkien; guztion artean moldatu eta forma eman genien. Sariketarako prestatu genituen, baina gero ikusi genuen gustura ari ginela eta gehiago sortzen jarraitu nahi genuela. Hemendik aurrera etorriko direnak denon artean sortu asmo ditugu. 

A.J.:  Bai, hala da. Orain arte Anek eta Landerrek etxetik ekarri izan dituzte, eta taldean landu ditugu gero. Aurrera begira, berriak sortzeko prozesua gehiago partekatu nahi dugu.

Duela gutxi 'Bidaia' diskoa kaleratu duzue. Nolakoa izan da esperientzia hori?

A.J.: Aurrena, aipatu dugun maketa lehiaketara kantuak aurkezteko Oierren etxean grabatu genituen maketa batzuk, eta gerora eman genuen horiek estudioan grabatzeko pausoa. Higain Estudioko Haritz Harreguyrekin jarri ginen harremanetan, eta haren baiezkoa jasota hasi ginen lan horrekin. Oso eskertuta gaude berarekin; lehen unetik eman digu erabateko babes eta laguntza. 

O.T.: Prozesua oso polita izan da. Anek entseguetara ekarritako bozetoetatik etxean maketak egin eta azkenean abestiak estudioan grabatzea ederra izan da. Oso pozik gaude emaitzarekin. Oso berezia izan zen estudioko lanaren ostean gure abestiak grabatuta entzutea. 

A. J.: Oso ederra, bai. Grabatutakoa entzuterakoan pentsatzen genuen 'benetan hau gurea da?'. Ilusio handia egin zigun.

 

"Gure ezaugarri bereizgarriena da ezin garela sailkatu estilo bakar batean. Taldekide bakoitzak gustuko dituen musika eraginak ditu Ertzek"

 

Zer harrera izan du lanak?

O.T.: Espero genuena baino askoz handiagoa. Guk, batez ere, gure lana bilduta edukitzeko asmoz egin dugu, baina ikusi dugu, guk bezala, jendeak ere gustuko duela, eta horrek izugarrizko poza ematen du. 

A.J.: Duela gutxi Zabaleta auzoko festetan jo dugu, eta jendea gure kantak abesten entzun genuen. Une horretan konturatu ginen abestiak ezagutzen dituela. Sekulako ilusioa egiten digu jendea gure kantak abesten entzuteak. 

Sorgin Jaietan Okendo plazan ariko zarete. Herritar gisa zer esan nahi du zuentzat bertan aritzeak?

A.J.: Oso berezia da. Auskalorekin jo izan dugu, baina oraingoan gure kantekin ariko gara. Herriak gu aukeratzea eta Ertzen musika entzuteko interesa erakustea oso polita da.

O.T.: Agian jendeak erromerietako errepertorioa gehiago ezagutzen du, baina gure kantu propioak entzun nahi izatea motibazio handia da guretzat. Eskertuta gaude Sorgin Jaiak-ekin.