Nola jaso duzue omenduak izatearen berria?
Ilusio handia egin digu. Egindako lan guztiak zerbaitetarako balio duela pentsarazten digu. Jendeak ez digu normalean aitortzen. Sakrifizio bat da, ordu mordoa sartzen dugu.
Gurutze Gorria Lasartera 1984an iritsi zen, oraindik udalerri ez zenean. Zergatik dago ordezkaritza gure herrian?
Donostian jende asko ginen herrikoak eta Errekaldera joan behar ginen bertako postu militarrera. Orduan, kontuan izan, soldaduska zegoen eta libratzeko, Gurutze Gorrian egin ahal zen zerbitzua. Beraz, Lasarte-Oriako taldetxo hori — hamar bat izango ginen, gehiago ez — animatu zen herrian antolatzera.
Lehen urte horietan nola moldatzen zineten?
Lanean hastean argi esan ziguten: 'Ez dago ezer'. Beno, anbulantzia bat utzi ziguten. Eta pixkanaka bada antolatzen joan ginen.
Irudimen handiz, hau da, anbulantzia normalean Hipodromo etorbidean aparkatzen genuen. Eguraldi ona egiten bazuen, kafetegi bat zegoen kanpoan mahai bat zuena eta han egoten ginen walkie-talkiearekin irratia entzuten.
Eta batzuetan etxera irratiarekin joaten zinen eta deitzen zizuten. Korrika ateratzen zinen, denak jasotzen zenituen eta tira aurrera.
Ez zegoen mugikorrik, orduan dena irrati bidezkoa zen. Askotan gogoek baliabideek baino gehiago balio zuten. Gipuzkoan eguneko 24 orduetan funtzionatzen zuen zentroa zegoen guztia koordinatzeko. Oso ezberdina zen.
Gerora, Osasun zentroa gaur egun dugun egoitzatik [Adarra kalea, 1] joan zenean, Michelinekin negoziatu eta lokala erosi genuen.
Eta horrela eman genituen lehen urratsak.
Ordu hartan, zer lan egiten zenituzten?
Orduan larrialdi-sarea ginen. Hau da, Gurutze Gorriaren bidez artatzen ziren trafikoko ezbeharrak, 2000. urtera arte praktikan. Orain Osakidetzak darama. Anbulantziak genituen herri guztietan, errepide guztietan.
Gero lan prebentiboetara bakarrik igaro ginen. Baina badaude uneak laguntza ere eskatzen dizutenak eta jaiak iristean guk SOS Deiak-i abisatzen diogu: 'Kaleko ekimenetan izango gara ordu honetatik honetara. Zerbait behar baduzue, deitu'. Horrela eurak etxeetako larrialdietara bakarrik dedikatzen dira. Koordinatzen goaz.
Etxean etxeko zerbitzua ere egiten zen, premiazko mediku atentzioa...
Eta gaur egun zer nolako jarduera duzue?
Une honetan bi lerro ditugu, gehiago ireki nahi ditugu, baina bi lerro ditugu.
Batetik Gipuzkoan aitzindariak izan gara adinekoen nahi gabeko bakardadea lantzen. Zoragarri funtzionatu du proiektuak. Konpainia handia egiten dieten Alexak jarri dira etxeetan eta hamabost egunez behin, osasun hitzaldiak ematen zaizkie erabiltzaileei alderdi psikologikoa landuz edo euren kabuz moldatzeko tailerrak egiten dira. Ez da oso talde handia, baina pixkanaka ari dira lanean. Bikote bat ere sortu da eta badago erabiltzaileren bat boluntario egin dena.
Eta bestetik alderdi prebentiboa dago. Jendeak ulertzen ez duena. Lasarte-Orian jai guztiak egiten ditugu; udalak esaten digun edozein ekitaldira goaz edo batzuetan alderantziz da, adibidez, kopako partidaren kontuarekin, gu izan ginen eurei esan genionak: 'Gu joango gara, beharra egongo baita'. Jon Martin eta Lander Astiazarani harrera egin zitzaien egunean ere hor izan ginen. Udalarekin ere koordinatzen gara.
Aurten jaietan berrikuntza bat izango dugu, gauean hemen artatzeko gune bat jarriko dugu; mediku bat larrialdietako teknikari batekin. Hau da, norbaitek ebakiren bat egiten badu Hernanira edo Donostiara bidali beharrean hona etorri eta medikuak edo dagoen erizainak josiko ditu.
Egunez beste modu batera moldatu dezakegu, baina gauez oso konplexua da. Adibidez, txekorretan bi urte daramatzagu inor larrialdietara eraman gabe; gauzen ehuneko laurogeita hemeretzi hemendik artatzen baita. Iaz mutil bati sorbalda atera zitzaion eta klabikula apurtze posible bat zegoen. Adingabekoa izanik, gurasoekin joan behar zuen, beraz, immobilizatu eta aitak eraman zuen. Era horretara, herria anbulantziarik gabe uzteko gauza mordoa saihesten dituzu.
Zubietarekin eta Hipodromoarekin ere lan egiten dugu. Hipodromoan zaldi lasterketa guztiak estaltzen ditugu eta Zubietan futbol partidak; larunbat batzuetan hamabi ordu egiten ditugu.
Zergatik diozu jendeak ez duela prebentzio lan hori ulertzen?
Jendeak esan ohi digu: 'Baina joan zarete eta ez duzue ezer egin'. Eta nik erantzuten diet: 'Hain zuzen ere horregatik da garrantzitsuagu joatea'. Hori da egokiena, ezer ez gertatzea. Baina eta gertatzen bada? Hori da guk beti buruan duguna. Ostegunean zaldi lasterketetan gertatu zitzaigun. Jockey bat hegan atera zen hesiaren gainetik eta ibaira erori zela uste genuen. Baina ez, adar batek harrapatu zuen eta han geratu zen. Orduan, jaitsi ginen eta igo genuen. Horrelakoetan gaitzerdi hor gaudela. Eta horrelakoetan lanean ikusten zaituzten lehen egunean dena ahaztu egiten zaie.
Urte hauetan guztietan jende askori lagunduko zenioten. Baduzue gutxi gorabehera zenbakirik?
Ez, oso zaila da. Informatikaren eta abarren garaian, botoi bati eman eta zenbakiak atera ditzakezu, baina askotan jendea artatzen duzu eta ez duzu oharrik ere hartzen.
Adibide bat Behobia da. Korrikalari bat dator uzkurdurarekin; reflexa ematen ari zara eta lau edo bost dituzu atzetik. Edo xexenak amaitzean hamazazpi gazte dituzu sendatzeko. Azkar artatu eta ez oharrik ez ezer. Gero, sendaketa kopuru zehaztugabe bat apuntatzen duzu eta listo.
Lehentasuna, artatzeari ematen diogu estatistikaren gainetik. Guretzat askoz garrantzitsuagoa da.
Egiten duzuen lana egiteko eta etorkizunean mantentzeko jendea beharko duzue, ezta?
Bai. Guretzat garrantzitsua da eta jendea nola erakarri lantzen ari gara. Ideia da Gazte Gurutze Gorriaren atea berriro irekitzea. Urte askotan Lasarte-Orian taldetxoa egon zen. Azken finean bada modua jende gaztea gerturatzekoa.
Boluntariotzak duen arazo bakarr aengantxatu egiten duela da, nik beti esan dut. Eta imajina ez dezakezun modu batean engantxatzen du.
Gertatzen dena da, gaur egun ez dela lehen bezala. Lehen jendea zetorrenean ikastaro txiki bat ematen zenion eta laguntzen hasten zen. Orain ez da horrela. Anbulantzian egon behar baduzu, osasun garraioko teknikaria izan behar duzu edo osasun larrialdietako teknikaria. Askoz arautuagoa dago kontua. Baina jendea hurbiltzen da eta pixkanaka egiten du.
Beraz, boluntario moduan lanean ari den jendeak osasun arloko ikasketak ditu?
Ez, denek. Gutxienez izan behar dute sorosle titulua, lehen sorospenak eta DESA. Arau bat da guretzat, jendeak ez baititu txalekoak bereizten: 'Txaleko honekin badoaz, sokorrista da; baina txaleko gorriarekin badoaz, gizarte-lanetakoa dat'. Ez, jendeak Gurutze Gorria ikusten du eta, zerbait gertatuz gero, esaten dizu: 'Etorri laguntzera'. Beraz, gutxienez gutxienekoa egiten jakin dezatela.
Eta, aipatu modura, profil ezberdinak ditugu; erizaintzako langileak daude, medikuntzako langileak, larrialdietako teknikariak daude, eta sorosleak ere badaude.
Beraz, egin behar den prebentiboaren arabera, talde bat doa, bestea doa, edo bietakoak doaz. Adibidez, anbulantzia medikalizatu batean, mediku bat, erizain bat eta teknikari bat joan daitezke. Land Roverrean, bi sorosle doaz. Egoeraren arabera, asko aldatzen da, baina gauza bakoitzak zehaztuta du nor joan behar den eta gainera legeak markatzen du. Beraz, zuk ezin duzu hemendik igarotzen den lehena hartu eta anbulantziara igo laguntzeko. Aktibatzen zarenean, bakoitzak bere tokia du eta badaki nora joan behar duen.
Zenbat boluntario zaudete guztira une honetan?
Boluntario gisa berrogeita hamar baino gehiago izan gaitezke. Baina bi boluntario mota bereizten ditugu. Batzuk, tarteka etortzen direna, lan arrazoiengatik, mila konturengatik ezin baitute etorri eta gero, egunerokoan egoten direnak; horiek dozena bat inguru gara.
Eta zer nolako materiala eta ibilgailuak ditzue lan egiteko?
Ba begira, Gipuzkoako Gurutze Gorriko anbulantziarik onena izatera iritsi gara, hor kanpoan dugu aparkatuta. Medikuntzako aurrerapen guztiak ditu, elektromedikuntzakoak, jendea ondo artatu ahal izateko'. Mediku bat etor daiteke anbulantzia horren barruan ebakuntza egitera.
Taldeak materiak onenarekin hornitzen saiatzen gara. Baina sakrifizio bat da inork ez baitigu ezer oparitzen. Hau da, guk dena, anbulantziatik hasi, elektromedikuntzaraino, gasak... dena boluntariook ordaindu behar dugu. Ez dator aitatxo Gurutze Gorria dator eta ematen dizu. Ez, zuk zortzi prebentibo edo lan egitea lortzen baduzu, zortzi gastatu ahal izango duzu; baina bi egiten badituzu, bi gastatu behar dituzu. Orduak dira hori lortzeko baina hau egitea gustatzen zaigun batzuk gaude, erotuta gauden batzuk, nik dioadan bezala. Larrialdietan laguntze gustuko dugu, osasun mundua gustatzen zaigu, eta orduan gure herriarentzat onena nahi dugu. Argi dugu, nahiago dugu anbulantzia ondo muntatuta izatea lau gaizki muntatuta baino
Eta askotan prebentibo batera ateratzen zaren unea bakarrik ikusten da. Baina gertatzen dena da, atera baino lehen, ibilgailuaren, materialaren berrikuspen osoa egiten dugula. Hilero egon behar dugu material guztia bakoitza berrikusten; iraungita zer dagoen ikusteko edo hilabete horretan zer iraungitzen den ikusteko, iraungitako materiala kentzeko, material berria jartzeko... Hau da, ikusten ez den lan bat da hori, baina egiten da.
Galderara itzuliz, anbulantzia medikalizatuaz gain, pickup bat eta Land Roverra dugu. Eta gero beste bigarren anbulantzia bat dugu probintziala dena. Bi anbulantziak erabiltzen ditugu, adibidez, nesken lehen mailako partidek eta Sanseren bigarren mailakoek bi anbulantzia behar baitituzte. Bat zelaiarentzat bakarrik, zelaia dena, hau da, jokalariak, epaileak, marrazainak... Eta gero beste bat, publikoarentzat.
Orain gure jabetzako bigarren anbulantzia nahi dugu eta horretan ari gara. Baina arazoa tokia da. Hainbeste ibilgailu aparkatzeko tokirik ez dugu kalean eta ea nabe baten bat lortzen dugun. Ideia erostea edo alokatzea da. Norbaitek nabe bat balu eta alokatzeko aukera izango bagenu, ibilgailuekin lasai ibiliko ginateke. Oheak gainean dituztela utz ditzakezu, dena prestaturik... Eta gero gainera, ibilgailu berezi hauek guztiek bigarren mailako bateria bat dute eta etengabe kargatu behar da. Hemen ezinezkoa da, ezin dugu kable bat jarri lokaletik kalera.
Eta animatuko zenuke jendea hurbiltzera eta laguntzera?
Nik, jakina. Etor daitezela, ikus dezatela edo egun bat gurekin egon daitezela zer den ikusteko.
Nik jendea animatzen dut. Une honetan garai bat igarotzen ari gara non jendeak sistema informatikoak bakarrik ikusten dituen eta isolatu egiten da. Hemen pertsona batek sozializatu egiten du. Eguneroko arazoak ere ikusten dituzu, ez baititugu prebentiboak bakarrik egiten. Berebizikoak diren egoerekin topo egiten duzu. Ikusten duzu bizitzaren errealitatea ez dela guztiontzat berdina, baizik eta badagoela jendea audifono batzuk behar dituena, betaurreko batzuk behar dituena, eta benetako malabarismoak egin behar dituzuena horiek lortu ahal izateko. Eta hori oso ondo dator, jendeari solidarioa izaten irakasten baitio, eta aurreiritziak kentzeko ere balio du.
Hau, gainera, lagun talde bat ere bada. Batzuetan gure artean begiratzen dugu eta esaten dugu: 'Gogoratzen al zara ez dakit zer egun hartaz? Eta han nola-hala?' Oso errepikakorrak gara ere bai, gauza beraz ari garelako hitz egiten behin eta berriro.
Adibidez, Lasarte-Oriako Gurutze Gorria Nazio Batuak bezalakoa da, nazionalitate guztietako jendea dugu. Hori oso polita da, zeren gainera bakoitzak bizi izan duen istorioa kontatzen baitu; nola iritsi den Gurutze Gorriraino edo nola egin duen bere bidaia, zergatik dagoen hemen... Harreman batzuk ere josten doaz oso politak direnak.
Boluntario fijo gisa egon nahi ez dutenek, nola lagun dezakete?
Laguntzeko modu asko daude. Badago jendea esaten duena: 'Ai! Nik anbulantzia, odola...'. Guk programa mordoa dugu jende faltagatik egin ezin direnak, umeekin, helduekin... Eskola porrotaren aurkakoa dago edo adineko jendearekin, egunean behin edo hiru egunez behin deitzea edo pilula kutxa muntatzera joan.
Lan sinpleak dira, ordu mordoa dedikatu behar ez zaiena. Agian norbaitek esan dezake: 'Nik bi pertsonari astean behin pastilla kutxa presta diezaieket. Edo ni astean ordu bat joan naiteke norbaitekin paseatzera edo berarekin egotera eta hitz egitera'. Hori nahikoa da, ez da soilik mendi lasterketaren zeharkaldi batean egon behar dut, ez, mila gauza daude egiteko.
Gurutze Gorrian beti esan dugu gizarte beharrak detektatzera dedikatzen garela. Eta horiek konpontzen laguntzen dugu, Administrazioari egoera azaldu, eta gero Administrazioa izan dadila horretaz arduratzen dena. Baina bitartean, gu hor gaude. Beti egongo da zerbaiteko beharra.