Bost lasarteoriatar berriz txertatu beharko dituzte hotz katean izandako akats batengatik

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 18a

Lasarte-Oriako osasun zentroaren ataria.

EH Bilduk goizean salatu eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek gero baieztatu duenez, Lasarte-Oria eta Arangoitiko osasun zentroetan tenperatura egokian ez zeuden hamazazpi txerto jarri zituzten, horietatik bost herriko pazienteei. Sailburuak nabarmendu duenez pertsona horiek ez daude arriskuan eta berriz txertatuko dituzte, horietako zenbait, hilabeteko epean.

Urte hasieran EH Bilduk argitara atera zuen dosi iraungien osteko bigarren kasua izan da, dinamika berberekoa: alderdi politiko horrek jasotako informazioa argitaratu eta kontuak eskatu dizkio Osasun sailari. Oraingo honetan, idatziz erantzuteko hamahiru galdera erregistratu ditu Eusko Legebiltzarrean, horien artean txertatze egunen data zehatzak, bi osasun zentro horietaz gain gehiagotan ere pasa ote den eta ea nola den posible iraungitako txertoen kasua eta hilabete gutxitara "beste arazo larri bat" jazo izana, oraingoan hotz katearekin zerikusia duena. "Bada, ez dugu ulertzen txertoen kudeaketan orain berriz ere beste gertakari larri bat gertatu izana, Osasun Sailak halakoak saihesteko neurriak hartu dituela behin eta berriz ziurtatu duenean".

Martinezek azaldu duenaren arabera, kaltetutako dosien hozkailuetako bat behar baino hotzago zegoen, eta bestea, beroago. "Madrilen nengoela izan nuen gertatutakoaren berri eta oso azkar esku hartu dugu arazoa konpontzeko", adierazi du. Amaitzeko, berretsi du txerto horiek adingabeek zein helduek jaso zituztela eta inor ez dagoela arriskuan, arazoa ez zegoelako txerto lote jakin batean, horiek gordetzeko gailuetan baizik. "Tenperaturak neurtzen dituzten aparailuetan ezartzeko segurtasun neurriak lantzen ari gara".

Arratsaldean, mobilizazioa

Gertakari honen berri izan aurretik mobilizazioa antolatu zuen Kalitatezko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak gaur arratsalderako. 17:30ean elkartuko dira, osasun zentroan, "osasungintzaren narriadura planifikatuaren aurka" manifestatzeko eta Donostialdeko ESI erakundeko Etengabeko Arreta Guneen "egoera gero eta larriagoa" deitoratzeko.

Deialdi horrekin bat egin du LOOPA Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Alde plataformak eta herritar oro animatu du parte hartzera.