Oriatik abiatu eta herria zeharkatu ostean Okendo plazan bukatuko den Sorgin Dantza bigarrenez gidatuko du Oihane Belartieta Galardi lasarteoriatarrak hilaren 26an, 16:30etik aurrera. Berarekin elkartu gara iazko esperientziaz galdetu eta aurtengoa nola ikusten duen jakiteko.
Iazko San Pedro Jaietako Sorgin Dantzan hartu zenuen kapitain izateko ardura. Nola gogoratzen duzu esperientzia hori? Zer sentitu zenuen aurretik, bitartean eta bukatu ondoren?
Oso ondo gogoratzen dut esperientzia hori, iazko San Pedro Jaiak bereziak izan ziren niretzat. Txikitatik ikusi izan dudan dantza izan da eta azkeneko urteetan Mikel Eskisabelek eduki duen ardura hori mantentzea ohore bat izan da niretzat. Hori dena errazagoa izan zen, entsegu egunetan eman zizkidan aholkuek ahalbidetu zidaten egunean bertan lasaiago egotea. Oria auzotik Okendora bidean zehar asko disfrutatu nuen.
Ehun urte baino gehiagoko ekimena da Sorgin Dantza eta, iaztik, zu zara emakumezko aurreneko kapitaina. Horrek are gehiago arduratu zintuen iaz ala naturaltasunez bizi izan zenuen aldaketa?
Naturaltasunez bizi izan nuen noski. Niretzat ohore bat izan zen, baina batez ere ilusioz harturiko ardura. Betidanik sentitu dut Sorgin Dantza denona dela, baina emakume batek kapitain izateko ardura hartzeak ilusio handia egiten dit.
Jaietan zehar eta ondoren zer-nolako mezuak jaso zenituen familia, lagun, dantzari eta herritarrengandik?
Oso mezu politak eta hunkigarriak jaso nituen familia, lagun, dantzari eta herritarrengandik. Babes handia sentitu nuen, batez ere zortzikote nagusiko kideen aldetik. Askok zoriondu egin ninduten eta haiei ere ilusio handia egiten zien emakume gazte batek kapitain rola hartzea.
Gutxi falta da aurtengo jaietarako eta Sorgin Dantzarako. Horren guztiaren aurrean, nola zaude? Iaz bezala, lasaiago, are urduriago…?
Egun horretako urduritasunak beti egongo dira, aurten gainera entsegu batzuetara ezin izango dut joan [hilaren 7an elkarrizketatu genuen Oihane, ikasbidaiara joan aurretik; atzo, hilak 18, amaitu zituzten prestaketa saioak]. Egia da iaz baino lasaiago nagoela eta uste dut urteak pasatzen diren heinean gero eta gehiago disfrutatuko dudala kapitain izateaz.
Zein da Sorgin Dantzako kapitainaren lana eta ardura emanaldiak iraun bitartean?
Kapitainaren ardura zortzikotea tentuz mantentzea da eta emanaldian zehar egin beharrekoa dotore egitea.
Zortzikote txikiko kapitain izan zinen helduen taldearen gidaritza hartu aurretik. Asko aldatzen da talde batetik besterako perspektiba? Zertan, batez ere?
Bistan da heldutasuna nabari dela talde nagusian. Horrez gain, dantzari dagokionez dantzariak koordinatuagoak daude. Hala ere, txikien zortzikoteko kapitaina izateak asko lagundu dit gaur egungo segurtasuna izateko.
Noiztik parte hartu izan duzu Sorgin Dantzan eta nondik datorkizu ekitaldi horrekiko zaletasuna?
Txikitatik apuntatu izan naiz Sorgin Dantzan. Eskolak eta etxekoek bultzatu izan naute herriko ekitaldi honetan parte hartzera. Oso txikia nintzenetik nire aita ikusten dut zortzikote nagusian, egun bereziak izaten dira horiek. Orokorrean, dantza egiteak asko betetzen nau eta horregatik jarraitzen dut honetan.
"Dantza egiteak asko betetzen nau eta horregatik jarraitzen dut horretan"
Iazkoez gain, urteotako Sorgin Dantzetako une berezi gehiago gogoratzen dituzu? Hala bada, zein edo zeintzuk?
Urte asko izan dira dantzari moduan egin ditudanak zortzikotean egon gabe, blusa grisarekin. Oroitzapen ederrak ditut eta modu desberdin batean disfrutatzen nuen eguna, lagunekin. DBH 2. maila bukatu nuenean zortzikote txikian parte hartu nuen lehenbiziko aldiz beraiekin; egun hori gogoan dut oraindik.