Sanpedroetako makarroi janerako txartelak salgai jarri dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 16a

Festak ederki hasten laguntzeko asmoz bazkaria antolatu dute Ttakun Kultur Elkarteak eta udalak Atsobakarreko parkean. Lehen Hezkuntzako 3-6 mailak ikasten ari diren gaztetxoek parte hartu ahalko dutela jakinarazi dute eta txartelak salgai daudela euskara elkartearen bulegoan (Geltoki kalea 4, behea), 4 eurotan. Erosi nahi dituztenek 09:00etatik 13:00etara edo 16:00etatik 18:00etara joan daitezke, astelehen goizetan eta ostiral arratsaldetan izan ezik.

Hilaren 26ko topaketa 13:00etan hasiko da, parte hartzaileak Okendo plazan elkartzen direnean. Ordu laurden geroago Gautxori txarangako lagunekin joango dira Atsobakarrerantz eta 14:00etan hasiko dira Semblante Andaluz elkarteko kideek prestatutako makarroiak jaten. Bazkalostean, eguraldiak laguntzen badu behintzat, auzo horretan zehar ur jolasak egingo dituzte. Arestian zehaztutako mailetan ikasten ari diren herriko haur guztiak animatu dituzte ekitaldi berezi horretan parte hartzera.