Scooter Club Euskadi elkarteak 26 urte daramatza Vespa eta Lambretta etxeetako motorrekiko zaletasuna hara eta hona eramaten. Orduan hasi zen rallyak antolatzen eta azken 11 edizioak Lasarte-Orian egin dituzte. Aurkeztu berri dutena, hortaz, hamabigarrena izango da. Egitarauaren ekimen nagusiak aurreko urteetako berberak izango dira, antolatzaileen helburua baita herritar guztiak kultura eta bizitzeko modu horretara erakarri bitartean partaide direnek asteburupasa ederra egitea. Eragile horretako lehendakari Isa Lopezek bizilagun oro (gaztetxoenak, batez ere, horiek ere "primeran" pasa ohi dutelako) animatu du ekimenetan parte hartzera eta eskerrak eman dizkio udalari, laguntzagatik. "Erraztasunak besterik ez dizkigute ematen, batez ere azpiegiturari eta beharrezko baimenei dagokienez".
Erakundearen izenean agerraldira bertaratu dira Agustin Valdivia alkatea eta Jaiak departamentuko zinegotzi Txus Alonso. Motorzaleen rallyak udalerriari ematen diona balioan jarri dute, giro ederra sortu eta San Pedro Jaien aurreko egunak berotzen laguntzen duelako batik bat.
Egitaraua
Hilak 19, ostirala
- 18:30ean, Donostia etorbidean, rallyan parte hartuko duten motorzaleei harrera.
- 21:00etan, Santxo tabernan, pintxo-pote afaria.
- 22:00etan, udalerrian barrena, ibilbidea.
- 22:30etik aurrera, Buenetxea kafetegi-tabernan, DJen musika emanaldiak.
Hilak 20, larunbata
- 10:00etan, Okendo plazan, motorren erakusketa.
- 11:00etan, Tiburtzio Artizar tabernan, motorzaleei harrera txalapartarien eskutik. Barrikotea eta pintxoak jarriko dituzte.
- 12:30ean, Okendo atzealdetik abiatuta, 80 kilometro inguruko ibilaldia egingo dute motorzaleek.
- 15:00etan, Hernaniko Jauregi jatetxean, bazkaria.
- 18:30ean, Andapa kalean, motorren erakusketa. Haurrentzako zein helduentzako jokoak ere egingo dituzte.
- 21:30ean, Buenetxea kafetegi-tabernan, pintxo-pote afaria.
- 22:30etik aurrera, Buenetxea kafetegi-tabernan, musika festa eta zuzeneko kontzertuak.
Hilak 21, igandea
- 12:00etan, Arkupe tabernan, motorzaleen topaketa.
- 12:30ean, udalerrian barrena, ibilaldia.
- 13:00etan, Arkupe tabernan, bermuta.
- 14:30ean, Arkupe tabernan, pintxo-pote bazkaria.