Txosna itxi, parranda amaitu eta ordu gutxitara iratzarri dira dultzaineroak, auzoa eta inguruak esnatzen hasteko asmoz. Goialdean bakarrik ez, Buenos Aires aldapa jaitsi eta Loidi kalean ere izan dira adibidez, Martin Berasategiren jatetxera iristeraino. Jotzen aditu dituenean, atera egin da sukaldaria eta talde argazkia atera du musikariekin. Garrote-arekin hasi dute eguna denek, beraz.
Dianarekin amaitu eta plazan bertan egin dute hamaiketakoa dultzaineroek. Jaten eta edaten ari zirela, euren lekukoa hartu dute Xumela koruko eta Earra! bertso eskolako kideek. Abestiak eta bertsoak tartekatu dituzte, baita emanaldi berezia iragarri ere: astelehenero elkartzen diren taldeko kideek hogei urte beteko dituzte udazkenean eta festa ederra antolatu dute azaroaren 8rako. Bertan izango dira Montetxio abesbatza edota Olaia Inziarte musikari nafarra. "Ia belauniko eskatu zigun Olaiak gurekin aritzeko, eta, noski, ezin genion ezetz esan", bota du Joxe Mari Agirretxek, umoretsu. Emanaldi ia osoa oholtza gainean egin dute eta festa giroa berpizteaz arduratu dira. Horrekin batera, Josu Txapartegi Txapas zuzendariak 80 urte bete dituela ospatu dute.
Oholtza inguruan beste zenbait jarduera egin dituzte. Kirol kantxan, esaterako, gurasoen eta seme-alaben arteko brilet partidak jokatu dituzte. Eta ariketa egin aurretik edo ondoren, hala nahi izan dutenek gosari (edo hamaiketako) goxoa egin dute auzotarrek beraiek prestatutako txokolatean bustita bizkotxoak.
Omenaldi goxoa
Eguerdiko hamabiek jo dutenean jaitsi dira oholtzatik koruko kideak eta bertsolariak, euren zain zeuden 80 urtetik gorako auzotarren parean (Karmentxu, Santos, Pepi, Miren, Luis, Anttoni, Gotzon, Kontxi, Angelines, Lore, Mari Angeles, Mari Tere, Pako...) jartzeko. Urteotan guztiotan egindako lana eskertu diete eta pertsona horiek ereindako hazien loreak eman dizkiete bueltan. Bertso pare bat bota, Epo i tai tai e dantzatu eta zenbait auzotarrek dantzatutako Aurreskua jaso dute. Ondoren, emozioek bihotza soilik ez, sabela ere dantzan jartzen dutelako, patata tortillekin eta txistorrarekin berdindu dute gosea horiek guztiek, mahaiaren bueltan eserita. Jan eta edan bitartean kontu kontari ibili dira.
Oraindik indarrak hartzen ari zirenean hasi dira pareko sagardo festa. Herriko lau baserritatik ekarri dute edatekoa: Buenavista, Larre, Saltsate eta Telleri. Ane Jimenez eta Alazne Ormazabal trikitilariek girotu dute ekitaldia.
Galeriako aurreneko hiru argazkiak, dultzaineroen taldearenak, Bixente Beltran herritarrak bidali dizkigu. Eskerrik asko, Bixente!