ESKUALDEA

Mende erdiko ibilbidea elkarrekin ospatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 4a

Zubieta Lanbide Eskolak bere 50. urteurrena ospatu zuen joan den larunbatean, ikasle ohiak, langile ohiak, egungo ikasle eta langileak, familiak eta herritarrak elkartuz. Egun osoan zehar hamaika lagun igaro ziren eskolatik eta Zubietako plazatik, ospakizun giro paregabean.

Goizean goizetik nabarmena izan zen mugimendua eskolan, arduradunek zehaztu dutenez. Haur eta helduentzako jolas eta jarduera ugari aurrera eraman zituzten, besteak beste, ur jolasak, bizikleta zirkuitua, toka, boloak eta adin guztietarako hainbat erronka eta joko.

Eguerdiko hamabietan urteurreneko ekitaldi nagusietako bat aurrera eraman zuten: Zubieta Lanbide Eskolaren 50 urteko historiari buruzko bideoaren aurkezpena. Irudi historikoz eta ikasle ohien, langile ohien, egungo langileen eta ikasleen lekukotzez osatutako ikus-entzunezkoak harrera beroa izan zuen bertaratuen artean. Bideoan zehar nabarmendu ziren eskolaren historian behin eta berriz errepikatu diren balioak: langileen inplikazioa, lanerako gogoa, elkarlana eta edozein erronkari aurre egiteko prestutasuna.

Ia 500 ikasleko erreferentziazko zentroa

1975ean Aginagako parrokiako lokaletan, ia auzolanean sortutako eskola hark gaur egun ia 500 ikasle dituen erreferentziazko zentro bihurtzea lortu du. Azken urteetan berrikuntza proiektu ugari garatu ditu, nazioarteko sareetan parte hartu du eta Europako hainbat herrialdetan ezaguna den Lanbide Heziketako zentro bilakatu da.

Bideo aurkezpenari amaiera berezia eman zitzaion musikaren bidez. Izan ere, eskolako irakasleen artean musikariak ere badira, eta haiek eskainitako emanaldiak txalo zaparrada jaso zuen bertaratuen artean.

Ondoren, Oaintxe in deu! txarangak girotuta, parte hartzaileek eskolatik Zubietako plazaraino egin zuten bidea. Bertan, Zubietako Jai Batzordeko gazteek prestatutako txosnaren inguruan elkartu ziren eta frontoian bazkaldu zuten. Arratsaldean ere ez zen festarik falta izan. Kita del Pare txarangak hartu zuen lekukoa, kaleak musikaz eta giro onez betez. Ondoren, Txilipipar taldearen kontzertuak jarri zuen festa giroa, eta gauean DJ ZZEROren saioak eman zion amaiera egunari.

Antolatzaileen esanetan, urteurreneko ospakizuna "eskolaren historiaren, komunitatearen eta elkarlanaren ospakizuna" izan da. Egun oso emankorra izan zen, emanaldi, sorpresa eta une hunkigarriz betea, eta berriro ere agerian utzi zuen Zubieta Lanbide Eskolaren inguruan sortu den komunitate sendoa.