Horretara bideratutako ikastaroa hilaren 8an, 11n eta 15ean aurrera eramango dutela jakinarazi dute, Antonio Mercero aretoan, 16:00etatik 19:00etara. "Parte hartzaileek bederatzi orduko aurrez aurreko lana egingo dute eta lan errealitateari osasungarriago, kontzienteago eta jasangarriago aurre egiteko tresna praktikoak eskuratuko dituzte", azaldu du Fernandezek. Gehitu du lan ongizatea "oso faktore garrantzitsua" dela pertsonen bizi kalitatean, baita euren garapen profesionalean ere. "Udaletik eta mankomunitatetik, eskura ditugun tresnen bidez, alor horretako erronkei ikuspegi praktiko zein positibo batetik aurre egiteko tresna baliagarriak eman nahi dizkiegu herritarrei".
Etxanizek nabarmendu duenez, ongizate laboralaren gaian "formakuntza falta eta beharra" detektatu dituzte: "Horregatik antolatu dugu formakuntza ikastaroa, parte hartzen dutenei lagunduko diena egunerokotasunari, motibazioari, kargari, garapen pertsonalari... aurre egiten". Ildo horretatik, adierazi du "funtsezko elementua" dela lantaldearen osasunerako eta errendimendurako, baita erakundeen jasangarritasunerako ere.
Aipatu programa hori hiru bloketan egituratuko dute. Aurreneko saioa autoezagutzan eta ongizatean oinarrutiko dute, ohiturek lan osasunean nola eragiten duten aztertuta. Hurrengoan emozioen kudeaketa eta estresa jorratuko dituzte, arreta eta erregulazio emozionala hobetzeko tresnak emanda. Hirugarrenean, aldiz, pertsonen arteko harremanei erreparatuko diete: "Lanaren zentzuari eta konpromisoari buruzkoa izango da, denboran iraungo duen ongizatea bultzatzeko helburuarekin", jakinarazi du Etxanizek.