Astelehenean irekiko dute udako udal txokoetan izena emateko epea

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 29a

"Udako udal txokoekin guztiok irabaziko dugulakoan gaude: familiek, erabiltzaileek, euskarak eta baita antolatzaileok ere, jakina". Agustin Valdivia alkatearen hitzak dira, Lasarte-Oriako haurren udarako euskarazko aisialdia emateko zerbitzuaren aurkezpenean esandakoak. Lizitazioa Ttakun Kultur Elkarteak irabazi duela jakinarazi du; iaz hasitako bidearekin jarraituko du eragile horrek, beraz.

Udaleko Hezkuntza zinegotzi Maite Iglesiasek jakinarazi du bikoiztu egin dutela toki kopurua eta 400 umek izango dutela lekua. Bi txanda iragarri dituzte: aurrenekoa, uztailaren 1etik 30era; eta bigarrena, abuztuaren 3tik 28ra. Batean zein bestean bi ordutegi eman dituzte aukeran. Jangela zerbitzurik gabekoa izango da bat, 10:00etatik 13:00etara; bestea, aldiz, 10:00etatik 16:30era. Hala nahi dutenek Goiz Txoko zerbitzua ere izango dute 09:00etatik 10:00etara.

Izen ematea, Gaztelekuan

Ekainaren 1etik 5era izango dute herritarrek izena emateko aukera, Gaztelekuan, goizez zein arratsaldez: 09:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, hurrenez hurren. Hori zehaztuta, lasarteoriatarrak animatu dituzte zerbitzua erabiltzera.

Programazioari buruzko zertzelada pare bat eman ditu Ttakun KEren kudeatzaile Haritz Salaberriak: "Beti bezala, ekimen atseginak eta dibertigarriak antolatuko ditugu. Hizkuntzari dagokionez, eskola eremutik kanpokoa den eta aisialdiarekin lotura duen euskarazko eskaintza indartuko dugu".