Udaberria ospatzen jarraitu dute

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 24a

Hainbat jarduera aurrera eraman dituzte Aterpea elkarteko kideek, Udaberri Festaren bigarren asteburuan. 

Ostirala tailerrez gozatzeko eguna izan da. Alde batetik, haurrentzako jarduera prestatu du Lilura liburu dendak. Marrazkiak margotu eta irudi horiekin txapak egiteko aukera izan dute bertaratutakoek. Ormazabal lore dendak, bestetik, Landatu zure landarea ariketa antolatu du. Horri esker, tagete izeneko lorak landatzeko aukera izan dute. Bero handia egiten zuelarik, ohi baino jende gutxiago gerturatu da tailerretara. Dena den, giro ederrean gozatu dute bat egindakoek.

Egun handia izan da larunbata. Tradizioak tradizio, herriko zenbait kale zeharkatu ditu txu-txu trenak; erdigunekoak, batez ere, goizez eta arratsaldez. Goiz-goizetik egin dira bertan aritzeko ilarak, Jalgi taberna parean. Lasarteoriatar mordoa igo da garraiobidera. Arratsaldean, parrillada egin dute, Okendo plazan. Ganbaz eta txanpiñoiez eginiko mokadutxoa doakoa izan da. Sagardoaz gozatzeko, aldiz, euro bat ordaindu behar zen basoa lortzeko. Gutiziek kitzikatuta, herritar mordoa gerturatu da enparantzara. 

Ohiko legez, disfrutatzeko aukera izan da Aterpearen Udaberriko Festa, baita bertako merkatariak ezagutzeko eta ospatzeko abagunea ere. 

Erlazionatuak

Hasi da Aterpearen Udaberriko Festa

Txintxarri Aldizkaria mai 16 Gizartea