Hasi da Aterpearen Udaberriko Festa

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 16a

Bi asteburuetako egitaraua prestatu du Aterpea Ostalarien eta Merkatarien Elkarteak. Ohiko legez, hainbat jarduera eramango dute aurrera. 

Udara ailegatzeko gutxi falta den arren, udaberria gozatzeko jaia antolatu du Aterpeak, urtero legez. Festari ekiteko dantzaz eta janariaz baliatu dira, besteak beste. Izan ere, Arkupe tabernako kideek paella jana egin dute, larunbatean. Itxura ederra zuen, eta bertaratutakoek zaporea ere itzela zela jakinarazi dute. Dena den, bazkariarekin hasi aurretik, zunba saioa egin dute Patricia Martinen neskek. Ederki aritu dira dantzan, Ama Brigitarren Komentuaren aurrekaldean. Erakustaldi laburra izan da, baina partaide baten urtebetetzea lore sorta batekin ospatzeko tarterik egin dute. 

Datorren asteburuan, gehiago 

Hasteko, hilaren 21ean, 22an eta 23an, bezeroentzako eskaintzak eskainiko dituzte honako negozio hauek: Mabel Moda, Bideolagunak, Lilura Liburu denda, Imagine jantzi denda, Amali jolas denda, Urruzola mertzeria, Olmi mertzeria eta Namie Sushi. 

Bestalde, hilaren 22an, ostirala, Landatu zure landarea ekimena aurrera eramango dute Ormazabal Loradendan, 17:00etatik 19:00etara, eta Lilura Liburudendan, haurrentzako saioa.

Hilaren 23an, berriz, txu-txu trena ibiliko da herrian zehar, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Era berean, Udaberri lore berri izeneko jarduerarekin gozatzeko aukera izan da 11:00etatik 13:00etara, Amali jolas dendan.

Egun berean, alde batetik, musika akustikoak girotutako bermuteoa ospatuko dute Andatza tabernan, 12etatik 15:00etara, musika akustikoak girotuta, eta bestetik, Oria Txiki Tabernan, parrillada,13:00etatik 15:00etara. Ekimen horrekin bukatzeko, musika emanaldiak: 19:00etatik 21:00etara. Buenetxea tabernan ere kontzertuak izango dira, 18:30etik 21:30era.

Udaberriko festarekin amaitzeko, barrengorri parrillada herrikoia eta barrikotea egingo dute Aterpeko kideek Okendo plazan, 18:00etatik 20:00etara. 

Arestikoan aipatutakoarekin batera, egunotan, kanpainarekin bat egindako establezimenduek zozketa txartelak banatuko dizkiete erosketak eginiko bezeroei. Bost erosketa txartel zozkatuko dituzte guztira: 500 euroko bat eta 250 euroko lau. Txartel horiek kanpainako parte hartzaileen negozioetan erabili beharko dira. 

 

Erlazionatuak