Atzerrian egindako ikasketak homologatzeko saioa egingo dute herrian

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 15a

Ezker-eskuin: Silvia Gila eta Nuria Fernandez. Argazkia: Lasarte-Oriako Udala.

Parekatu ekimenaren berri eman dute Beterri-Buruntza Mankomunitateko ordezkari Silvia Gilak eta udaleko Sozioekonomia zinegotzi Nuria Fernandezek. Azaldu dute helburua dela atzerrian egindako ikasketak eta prestakuntza ibilbideak baliozkotzeari buruzko informazioa, orientazioa eta laguntza ematea. Norabide horretan, hilaren 26an Antonio Mercero aretoan egingo dute doako saio bat, gaztelaniaz, 10:00etatik 12:00etara. Eskualdeko udalerrietan bizi eta mota horretako formakuntza duten pertsonentzat prestatu dute ekimena.

Eskualdeko beste udalerri batzuetan martxan jarri dute egitasmoa eta "interes handia" piztu du bizilagunen artean, Gilak eta Fernandezek nabarmendu dutenez. "Batez ere, Espainiar Estatutik kanpo lortutako prestakuntza akademikoa eta profesionala balioesteko zailtasunak dituzten pertsonak etorri dira", gehitu dute.

"Laneratze kualifikatua geldiarazten duten oztopo burokratikoak" gainditu beharraz jardun da Sozioekonomia zinegotzia: "Inoren garapen profesionala ez dadila galgatu ez dakielako nola eman balioa aurretiko prestakuntzari. Parekatu ekimenaren bidez enplegu duinari eta enplegagarritasunaren hobekuntzaari atea irekitzen diogu Lasarte-Orian, hemen bizi den talentuari lan merkatuan erabat integratzeko aukera emanda". Titulu homologatu bat izatearen garrantzia azpimarratu du Gilak: "Kualifikazio handiagoko eta lan baldintza hobeagoko postuak lortzeko laguntza emateaz gain, prestakuntza arautuarekin jarraitzeko aukera ematen du". 

Hilaren 26ko saioa Bidez Bide elkarteko aditu batek emango duela jakinarazi dute bi ordezkariek: aurrez aurreko bi orduko ikastaroa egingo dute eta, ondoren, bertaratzen den pertsona bakoitzak 30 minutuko banakako aholkularitza txanda izango du aukeran.