Partekatzen ez duenak zorionik ez du

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 14a

GurasoLeku egitasmoan parte hartu duten dozenaka familiek festa giroan itxi dute ikasturtea. Urritik hona egindako lana errepasatu dute, ordainetan diplomak jaso dituzte eta behin baino gehiagotan kantatu eta dantzatu dute Euskararen Maratoiko zortzikoteko kide izan diren zenbait lagunekin batera. Mezu baliotsu batekin itxi dute ekitaldia: familia giroan txikienei erakustea bezain garrantzitsua da haiengandik egunero ikastea. Hori guztia, euskaraz, noski.

Bizitza kantu bat da dantzatu eta abestu zuten kantuetako bat, GurasoLeku egitasmoan parte hartu dutenen azken festan. Kantatzen ez duenak, zorionik ez du diote Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek eta, gauza bera esan daiteke esperientziak, bizipenak, jakintza eta bestelakoak partekatzen ez dutenekin. Bada, hori bera egin dute urritik maiatzera herriko 130 familiak baino gehiagok, arestian aipatutako proiektu horretako hiru adar hauetan: GurasoLagun, GurasoLandia eta GurasoTegi. Horrez gain, GurasoLandian aritu direnek topaketa bereziak egin dituzte hilabetean behin, TrukeLandian.

Programa bat edo bestean aritu, lanabes eta harremantzeko modu berbera erabili dute guztiek: euskara. Errezetak, mozorroak eta bestelako ekimenak hizkuntza horretan prestatu eta konpartitu dituzte familiako kide guztiek eta elkarrekin ikasteaz gain goxo harremantzeko modua sendotu dute. Azken finean, lehen aipatutako ekimen horien guztien helburua gure udalerriko haurrak ahalik eta hiztun osatuenak bilakatzea da.

Gonbidatu bereziak

Udaberria soilik ez, udazkena ere izango da euskararen urtaro eta, besteak beste, XI. Euskararen Maratoia izango dugu urriaren 17an eta 18an. Zortzikoteko kideak arduratu ohi dira ekimena dinamizatzeaz eta aurreko edizioetan talde horretako kide izandako hiru lagun etorri ziren atzoko festara: Rebeka, Joxe Mari eta Patxo. Haurrak, gurasoak nahiz begiraleak elkarrizketatu zituzten, ongi merezitako diplomak banatzen lagundu zuten eta, batez ere, Okendora bertaratutakoak dantzan jarri zituzten: Ahoa bizi, belarriak prest!, Pausoka, pausokaBizitza kantu bat da edota Behin betiko piezen doinupean astindu zituzten mihi eta aldakak.

Amaitzeko, xaboizko burbuilekin apaindutako talde argazki jendetsua atera zuten. Ikasturte amaiera ospatuta, hilabeteotan landutakoarekin jarraitzea da familia guztien erronka.

Erlazionatuak