EH Bilduren Gipuzkoako arduradun politiko Nekane Zinkunegik hartu zuen hitza ekintza horretan, "eskuz esku egin eta ahoz aho transmititzen den gertuko lana" aldarrikatzeko, "titular kolpe eta memeen garaiotan". Gogoratu zuen, halaber, alderdi horrek lehentasunezkotzat jo zuela herritarrek osatzen duten komunitatearekin lotura jorratzeko lan ildoa. Norabide horretan ari dira gauzatzen Nazio Elkarrizketa deritzon entzute ariketa, "ehunka eragilerekin lankidetzan".
Lanerako prest daudela aldarrikatzeaz gain, ospakizunerako ere baliatu zuten Bat Egin eguna. "Esku bete lan dugu baina erdietsi dugun guztia ospatzeko eta lortuko dugunaz konspiratzeko ezinbestekoa da lagunartean aritzea", azpimarratu zuen Zinkunegik.
Esan bezala, eskualdeko ekimena izan zen hilaren 8koa eta bertan izan ziren Lasarte-Oriako EH Bilduren taldeko zenbait kide.