Mende laurdeneko sorginkeria herrikoia

Iñigo Gonzalez Sarobe 2026ko maiatzaren 11

Herriko festa alternatiboek, Sorgin Jaiek, 25 urte bete dituzte aurten eta herritik eta herriarentzat egindako ibilbidearen errepaso original bezain koloretsua aurrera eraman zuten sorginek larunbatean: herri mugimenduaren aurrekariak, hasierako urteetako debeku eta ahaleginak, sorgin gunearen kokaleku historikoak... Mende laurdeneko historia. Blusak eta zapiak armairutik ateratakoan kosta egiten da berriz ere gordetzea; irits dadila ekain amaiera lehenbailehen!

Tantaka-tantaka iritsi ziren Okendo plazara turista jantzitako sorginak: bainujantziak, loredun alkandorak, Erresuma Batuan horren ohikoak diren galtzerdi eta sandaliak... Gure herrira oporretara etorri zirela ematen zuen, honengatik ez balitz: Sorgin Jaietako blusak zeramatzaten gerrietan eta zapiak lepoetan. Herritik eta herriarentzat mende laurdenez egindako lana errepasatzeko Free Tour izenez ezaguna den ibilbide gidatua egitea bururatu zitzaien eta herrian barrena ibili ziren goiz nahiz arratsalde; tokiz toki, lekukotzaz lekukotza eta argazkiz argazki. Ospakizunerako ere baliatu zuten topaketa, jakina.

Esan bezala, Okendotik abiatu ziren. Bertan zuten gida zain, Erik Arzallus, aterkia zabalik eta bozgorailua ahoan, azalpenak ematen hasteko. Egingo zuten ibilbidea azaldu zien: enparantza horretatik, Geltoki kalera, Sorgin Jaiek euren ibilbidea hasi aurretik urtero jartzen zuten txosna gunera; bertatik, Sagardotegi kalera, garai horretan zegoen kioskora; hirugarrenik, Kale Nagusira, zenbait urtez txosna gune bilakatu zen Kamioi Rock ekimenaren tokira; gero, Hipodromo etorbidera, anbulategi zaharra zegoen lekura eta sorginen aurreneko toki egonkor bilakatu zenera; ostean, Loidibarren pilotaleku ingurura, Okendora etorri aurreko festen bilgunera; eta, azkenik, plaza horretara bertara, gaur-gaurkoz akelarrearen erdigune izaten jarraitzen duen biltokira.