Goiz eguzkitsua izan da. Alaia eta argitsua, bai meteorelogiko bai emozionalki. Izan ere, Azkorteko erromeria ospatu da, Buruntzako baselizan. Ohiko legez, festa Ttakun Kultur Elkarteak antolatu du Lasarte-Oriako udalarekin elkarlanean.
Oinez zein kotxez igo dira ermitara lasarteoriatarrak eta inguruko herrietakoak. Aurten, autobusez ailegatzeko aukera zenez, gizon zein emakume mordoa joan da Buruntzara, Biyak Bat elkartearen paradatik partituta.
Erromeriarekin hasi aurretik lanean aritu dira antolatzaileak eta laguntzaileak Ttakun KEk ipinitako tabernan. Goiz iritsi dira lehen mendizaleak. Jakiez eta edariez disfrutatu dute; hots, saldaz, txorizo egosiaz eta edariez. Oso goxoak izanik, berehala agortu dira postuko mokaduak zein freskagarriak,.
Postuak postu, Lierni Arozenak eta Olaia Rekondok girotu dute hamaiketakoa. Sabela beteta eta eztarria freskatuta, lotsati hasi dira mendizaleak dantzan. Hasiera batean, pare bat lagun ziren aldakak mugitzen, baina pixkanaka-pixkanaka gehiago izan dira. Plazadantza saio inprobisatua egitera ere animatu dira. Ederki egin dute dantzan eta ingurukoek ere gogotik gozatu dute eurak ikusten.
Eguerdi partean ekin diote herri kirolei. Alde batetik, Beñat Telleria harrijasotzailea aritu da. Bestetik, Julen Gabirondo eta Aratz Mugerza aizkolariak. Hiru erakustaldi burutu dituzte, txandaka. Aizkolariak hasi dira. Lehenik eta behin, ea nork enborra golpe gutxiagoz mozten duten neurtu dute. Gabirondo gailendu da 33 kolperekin. Jarraian, nork egiten duen azkarren. Mugerza izan da garaile lehia horretan. Amaitzeko, zeinek ebakitzen dituen hiru bizkorren. Gabirondo izan da lehena. Hasteko, ahal beste altxaldi egin ditu 150 kiloko errektanguluarekin Telleriak, bi minututan. Lau egin ditu guztira. Ondotik, 113 kiloko kubikoarekin hamalau altxaldi egin ditu beste bi minututan. Bukatzeko, 100 kiloko bola hamar aldiz jaso du, eta ariketarekin amaituta, ikusleen txalo artean egin du agurra.
Goiz apartarekin amaitzeko, elizkizunaren txanda izan da. Alboka Abesbatzak musikatu du meza. Baseliza jendez beteta zegoen. Bien bitartean, trikitia eta panderoa bueltatu dira oholtzara etxerako buelta alaitzeko gogoz.
