Goizetik iluntzera arteko programa ondu dute Lasarte-Oriako Bizipoza taldekoek, Kulturak eskutik eskura lelopean. Herriko aniztasun kulturala aberastasuna dela erakusteko asmoz, hamaika jarduera eraman dituzte aurrera.
Egunarekin hasteko, muralak sortu dituzte herriko hiru ikastetxeetako ikasleek; hots, Oriarteko, Sasoeta-Zumaburuko eta Landaberriko gazteek. Okendo plazan taldeka antolatuta, irudi ederrak egin dituzte kreatibitateari eraginda. Askatasun osoz aritzeko aukera izan arren, jarraibide batzuei erreparatu izan behar diete. Izan ere, kreazio orotan aurtengo leloa leitu behar zen. Era berean, eskuen marrazkiak agertu behar ziren, eta Bizipoza taldearen logoa ere bai. Batzuek imajina koloretsuak sortu dituzte, beste batzuek, aldiz, gometsez beteriko mosaikoak ondu dituzte. Eurak sortutako irudiak herriko dendetan izango dira ikusgai. Jarraian, dantzan aritu dira, herriko sudurgorrien doinuek lagunduta. Bukatzeko, talde argazkia atera dute. Porrotx pailazoa aritu da dinamizatzaile lanetan.
Arratsaldean, gehiago
Zer dakizu Afrikari buruz? sentsibilizazio saioarekin hasi da arratsaldea. Ndank Ndank elkarteko Eli Dominguez eta Mamadou Sarr kideak izan dira aurkezle. Sarren sorterriari buruz aritu dira, hau da, Senegalen gainean. Mercero gunean bilduta, tentuz entzun dituzte kontinenteari eta haren bitxikeriei buruzko kontuak Ttakun Kultur Elkarteko Gazteklubeko LH 3ko gaztetxoek. Galdera mordoa egitera ere ausartu dira.
Jaiarekin jarraituz, Okendo plazara jetsi eta koreografia ederrak dantzatu dituzte egitasmo bereko 4-5-6 mailakoek. Aldaka mugitzen laguntzeko, hiru kantu izan dituzte bidelagun: Ndank Ndank elkartearen Elkarri, Bizipozaren Bizipoza auzolan, eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Eskuetan.
Ordura arte ateri izan den arren, euria barra-barra ari zuen musika jaialdiarekin hastean. Dena dela, ez da bizipoza goibeldu eta egitarauarekin jarraitu dute, aterkipean edota udaletxe azpian.
Parte hartzaile mordoa oholtzaratu da, eta den-denek euren dantzak eta musikak erakutsi dituzte. Hasteko, Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria eragileko kideak igo dira. Zaghareet (irrintzi sahararra) erakustaldia egin dute. Mertxe Rodriguez irrintzika aritu da haiekin, eta Txalagoreko txalapartiek lagunduta. Lierni Rekondok ere bertsoa bota du. "Aurreiritzi zaharrak, baina begirada berrietan" errealitatearekin gogoratu da Rekondo. Ondoren, danbor doinuez bete dute enparantza Senegaleko ordezkariek. Ikusi mendizaleak kantuarekin ere ausartu dira eurak. Ondotik etorri dira Semblante Andaluzeko kideak eta haiekin batera eguzkia. Bi sevillana dantzatu eta tokia egin diete Nikaraguako kideei. Azken hauek beraien herriko jantzi tradizionala erakutsi dute eta dantzan aritu dira, besteak beste, Nicaragüa Nicaragüita abestiarekin.
Hain egun ederrarekin amaitzeko, Txoriak Txori kantatu dute parte hartzaile guztiek, eszenatoki gainean. Xumela Abesbatzako kideek ere animatu dira.
Abestiak abesti, gutiziez gozatzera joan dira Ttakuneneara Milakultura jaiarekin amaitzeko.