Kulturartekotasuna jorratzen daramatza pare bat ikasturte Lasarte-Oriako Bizipoza Taldeak. Horren bueltan antolatu du Milakultura jaia eta aurreneko ekitaldia arestian aipatutako hitzaldia izan da. Horretan, Dominguezek alor hori lantzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu zuen, baita "are urrunago" joatearen premia ere. Norabide horretan, estereotipoak haustea, gizarte arrakala murrizteko lan egitea eta aukera zein eskubide berdintasunaren alde jardutea dira ardatzak.
Bertaratu zirenek adi jarraitu zituzten Ndank Ndank elkarteko kidearen azalpenak eta solasaldian parte hartzeko aukera bat baino gehiago izan zuten, Dominguezek galderak egin baitzizkien. Horien artean, ea zein den "Afrika" hitza entzutean bururatzen zaien aurreneko kontzeptua.
Gaurko egitaraua
Goizetik iluntzera arteko egitaraua prestatu dute. Egunari hasiera emateko (10:00etan), Landaberri-Garaikoetxea eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetako zein Oriarte institutuko ikasleek muralak sortuko dituzte. Kulturartekotasuna oinarri hartuta, leloak pentsatu, sortu, horiek idatzi eta atonduko dituzte. Horiek guztiak, gero, herriko komertzio eta kaleetan erakusgai jarriko dituztela jakinarazi dute Bizipoza taldeko lagunek. Sormen lan horretan, gainera, Porrotx pailazoaren konpainian ariko dira; kantu eta dantza egingo dute sudurgorriarekin.
Arratsaldean, berriz, 17:30ean, Ndank Ndank elkartearen eskutik Zer dakizu Afrikari buruz? sentsibilizazio saioan parte hartuko dute Ttakun Kultur Elkarteko Gazteklubeko LH 3ko gaztetxoek, Mercero gunean. Ostean (18:30ean), Okendo plazan, egitasmo horretako 4-5-6 mailakoek koreografiak dantzatuko dituzte. Zehazki hiru izango direla azaldu dute antolatzaileek: Ndank Ndank elkartearen Elkarri, Bizipozaren Bizipoza auzolan, eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Eskuetan.
Musika eta dantza erakustaldia
Jaiari jarraipena emateko, 19:00etan musika jaialdia aurrera eramango dute. Bertan izango dira Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria eragileko kideak, baita Nikaraguako eta Senegaleko ordezkariak eta Semblante Andaluz elkartekoak ere. Horiek guztiek, euren dantzak eta musikak erakutsiko dizkiete bertaratzen direnei. Sahararrek, Zaghareet (irrintzi sahararra) erakustaldia ere egingo dute. Horien guztien artean izango dira ere Txalagoreko txalapartariak, Earra bertso eskolako bertsolariak, Xumela koruko kideak eta LOZETekoak.
Pasa den ikasturtekoarekin alderatuta, bada berrikuntzarik aurten; parte hartzaile guztien arteko afari-merienda egingo dute. Aipatu musika jaialdiaren ostean izango da, eta hitzordu hori baliatu nahi dute partaideak elkar ezagutu eta horien arteko harremanak sustatzeko. Jarduera hori, beraz, parte hartzaileentzat soilik izango da eta Ttakunenean egingo dute.