Sei txarangarekin batera dantzatuko du herriak

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 7a

Maiatzeko azken-aurreko larunbata hankaz gora jarriko dute II. Txaranga Egunean parte hartuko duten taldeek, goizetik hasi eta iluntzera arte. Lasarte-Oriakoak diren Oaintxe in deu! eta Arranopola txarangek beste lau musikari kuadrilla gonbidatuko dituzte guztien artean giro ederra sortzeko eta musika egiteko modu horri ikusgarritasuna emateko. Udalarekin lankidetzan prestatu dute hilaren 23rako egitaraua.

Herriko nahiz auzoetako jaiak, urteurrenak, topaketa bereziak, kinto bazkariak... Ospakizuna non, txaranga han. Musika talde horiek ezinbestekoak dira festa giroa sortzeko nahiz zabaltzeko eta, garrantzi hori aitortze aldera, II. Txaranga Eguna aurrera eramango dute hilaren 23an, goizetik hasi eta iluntzera arte. Egun horretan sei txaranga izango dira protagonista, iazko topaketan baino bat gehiago: Oaintxe in deu! eta Arranopola (lasarteoriatarrak horiek biak); Kita del Pare (Astigarraga), Los Espontaneos (Rubielos de Mora, Teruel, Aragoi); Goxo (Iruñea); eta Malatxo (Tafalla, Nafarroa). 

Txaranga horietako bakoitzaren emanaldiez gain jarduera gehiago antolatu dituzte hilaren 23rako. Lasarte-Oriako Hamaika Doinu txistularien taldeak iratzarriko ditu herritarrak, diana eginda, 10:30ean. Ordu erdi geroago iaz arrakasta izan zuen tailerra aurrera eramango dute, haurrek txarangarako instrumentuak egiten ikas dezaten. Iazko edizioarekin alderatuta, bazkaria ez egitea eta horren ordez herriko hiru tabernatan txarangapotea gauzatuko dute; Buenetxea, OKS eta Patricio izango dira geltokiak.

Udaleko Jaiak departamentuko zinegotzi Txus Alonsok jakinarazi duenez, 8.500 euroko dirulaguntza eman die erakundeak topaketaren antolatzaileei. Halaber, eskerrak eman dizkie herria dinamizatzeko jarduera hori egiteagatik: "Beraien lanagatik ez balitz askoz zailagoa izango litzateke jarduera antolatzea".

Egitaraua

Hilak 23, larunbata

  • 10:30ean, herrian barrena, diana, Hamaika Doinu txistulari taldearen eskutik. 
  • 11:00etan, Okendo plazan, txarangarako instrumentuak egiten ikasteko tailerra. Haurrentzat.
  • 12:00etan, Okendotik abiatuta, Oaintxe in deu! txarangaren emanaldia.
  • 14:00etan, Buenetxea, OKS eta Patricio tabernetan, txarangapotea, Kita del Pare txarangarekin batera.
  • 16:00etan, herrian barrena, Los Espontaneos txarangaren emanaldia.
  • 18:00etan, herrian barrena, Goxo txarangaren emanaldia.
  • 20:00etan, herrian barrena, Malatxo txarangaren emanaldia.
  • 22:00etan, herrian barrena, Arranopola txarangaren emanaldia.
Erlazionatuak

Txaranga egunaren bideo laburpena

Txintxarri Aldizkaria 2025 mai 23 Gizartea

Sustrai berberak dituzten doinuak

Lierni Apaolaza Urdanpileta 2025 eka 24 Gizartea