Ttakun Kultur Elkarteak kudeatuko du Gaztelekua aurrerantzean

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 29a

Lasarte-Oriako Udalak Gaztelekuaren zerbitzu berria aurkeztu du gaur prentsaurrean. Udalerriko gazte eta nerabeei zuzendutako espazioa da, aisialdi "osasuntsu, hezitzaile eta parte hartzailerako alternatiba bat eskaintzeko helburuarekin sortua". Hala adierazi dute agerraldian parte hartu duten Agustin Valdivia Calvo alkateak, Hezkuntza eta Gazteria zinegotzi Maite Iglesias Sanchezek. Horiekin batera izan dira Ttakun Kultur Elkarteko ordezkari Jon Pello Artetxe Mendizabal, eta Gaztelekuko zerbitzua dinamizatuko duten hezitzaileak: Olatz Bardaji Olaizola eta Xuban Ollokiegi Suberbiola

Alkateak nabarmendu du gaurkoa "oso egun berezia" dela Lasarte-Oriarentzat, "behingoz" iragarri ahal izan duelako Gaztelekua berriro ere martxan jarriko dela. Gaineratu du, aipatu espazio hori gazteentzako eremu bat izanik garrantzitsua dela udalerria baliabidez hornitzea gazteei euren garapen pertsonal eta sozialean laguntzeko. Gaztelekuko zerbitzu berria "ingurune seguru, inklusibo eta erakargarri" gisa sortu dela ere aipatu du, eta esan, gazteek aisialdiaz "modu osasungarrian gozatzeko aukera" izango duten. Hala, nabarmendu du aisialdiaz haratago, espazioa "elkarbizitza, hazkunde pertsonala eta berdinen arteko harreman positiboak bultzatuko dituen topagunea" ere izango dela. 

Hezkuntza zinegotzi Iglesiasek, berriz, proiektuak "hezkuntza dimentsio argia" duela azaldu du, eta esan, "errespetua, berdintasuna, parte hartzea, sormena eta erantzukizuna bezalako balioak" sustatzen dituela: "Espazio horretan, gazteek askatasunez hitz egin eta beren kezkak garatu ahal izango dituzte,; horretarako konfiantzazko ingurune bat izango da". Honako adierazpenok egin ditu gero: "Jakin badakigu nerabezaroa funtsezko etapa dela, eta horregatik, ondo pasatzeaz gain, entzunak, bideratuak eta lagunduak sentitzeko espazio bat eskaini nahi dugu". 

Zerbitzu berriaren funtsezko alderdietako bat "parte hartzea" izango dela ere esan dute udal ordezkariek. Hori horrela, erabiltzaileek "zeregin aktiboa" izango dute programazioa diseinatzerakoan; jarduerak, tailerrak eta irteerak proposatu ahal izango dituzte, eta iritzi zein interes horiek "etengabe hartuko dira kontuan", eta, horien "benetako motibazioetara egokitutako eskaintza" bermatuko da.

Hasteko, ate irekien jardunaldiak

Prentsa agerraldia baliatu du Ttakun Kultur Elkarteko ordezkari Jon Pello Artetxek zerbitzuaren gaineko zenbait xehetasun eman ditu. Kontatu du, adibidez, maiatzaren 5ean abiatuko dutela zerbitzu berria eta ate irekien jardunaldi batzuk aurrera eraman asmo dituztela. Horien bitartez, zein gazte bertaratzen diren ikusi ahal izango dute arduradunek, eta horren araberako lanketa egitea ahalbidetuko die. 

Era berean, iragarri du sare sozialak martxan jarriko dituztela, eta horiek erabiliko dituztela prestatutako jarduera, saio eta bestelako deialdi guztien berri emateko. Hala, zerbitzua martxan jarri eta kudeatzeko "gogo handiz" agertu da; adierazi du Ttakunen gisako herriko elkarte batentzat "oso garrantzitsua" dela horrelako proiektuetan jardutea.