Michelin Lasarte lantegitik metro gutxitara dago frontoi irekia eta hortxe jarri zuten batzuek zein besteek elkartu eta ibilbide gidatuari ekiteko hitzordua. Ekimenaren helburuak azaldu eta ekintza sinboliko bezain garrantzitsu hori gertatu zenetik 50 urte bete direla gogorarazteko talde sustatzaileko kideek euren buruak aurkeztu zituzten. Aurreneko geldialdi horretan lanuztearen jatorria, duela bost hamarkadako Lasarteren testuingurua, beharginak asanbladan biltzearen garrantzia eta beste hamaika kontu interesgarri ugari izan zituzten hizpide, baita 1976ko otsailaren 16a ere: "Frontoian elkartu gara gaur baina duela 50 urte pasatxoko grebari Bordatxo tabernan ekin genion, hemendik metro batzuetara. Langileak batu, fabrikako baskulara sartu eta lanuzteari ekin genion".
Ekintzak horrenbeste egun irautearen gakoetako bat hauxe izan zen, hizlarien aburuz: "Sindikatu edota ordezkari bakar batek ere ez zuen gailendu nahi, argi genuen langileen batasunari eustea zela gauza garrantzitsuena".
Geldialdiz geldialdi bi ordu pasatxoko jarduna osatu dute eta gai interesgarri ugari jorratu dituzte, ikus-entzunezkoan zehar ikusi eta entzungo dituzuenak: emakumeen rola, komunikazio estrategiak, anekdotak, bitxikeriak... Isla plazan amaitu dute ibilbide gidatua eta antolatzaileek elkarri eskerrak eman dizkiote udalerriaren memoria historikoa bizirik mantentzeko egindako ariketagatik. Horrez gain, hilaren 25ean 52 urte bete zirenez Portugalgo Krabelinen Iraultza hasi zutenetik indarrean zegoen diktadura erregimena eraisteko, mugimendu horren ereserki Grandola Vila Morena abestu zuten.
Hurrengoa, mahaiaren bueltan
Esan bezala, Michelingo 100 eguneko grebak aurten 50 urte bete dituela-eta garai horretan protagonista izandako zenbait kide batu dira eta talde sustatzailea eratu dute, ekintza hori belaunaldiz belaunaldi transmititzeko. Norabide horretan aurrera eraman zuten ibilbide gidatua joan den larunbatean eta baita asanblada ireki bat ere aste batzuk lehenago, are kide gehiago elkartzeko.
Hurrengo aste eta hilabeteetan jarduera gehiago egingo dituztela iragarri dute. Maiatzaren 5ean, esaterako, mahai ingurua egingo dute kultur etxeko auditorioan, 19:00etatik aurrera. Maider Galardi Fernandez de Agirre kazetari lasarteoriatarrak gidatuko du solasaldia eta taldeko zenbait kide ariko dira hizketan: Rafa Diez, Felix Artetxe, Felix Perez Carrasco edota Mikel Garcia, besteak beste. Herritar guztiei irekitako ekimena dela nabarmendu dute antolatzaileek.