Memoria kolektiboa eta ospakizuna uztartu dituzte Gazte Egunean

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 27a

Egun osoko egitarau oparoa aurrera eraman dute LOGA Lasarte-Oriako Gazte Asanbladako kideek. Michelingo 100 eguneko greba oroitu dute goizean goiz, pala partidez gozatu dute ondoren Loidibarrenen, bertso bazkaria egin dute eta arratsaldean zein iluntzean herria girotu dute karropoteoarekin eta MJotaXoxo DJaren emanaldiarekin.

Ikusiak, entzunak eta sentituak izan nahi dute Lasarte-Oriako Gazte Asanbladako kideak eta, horregatik, Gazte Eguna ospatu zuten joan den larunbatean herrian barrena. Aurrera eraman zituzten ekimenetan dozenaka herritarrek parte hartu zuten eta memoria historikoaren zati garrantzitsu bat ezagutzeko nahiz primeran pasatzeko aukera izan zuten.

Michelin Lasarte lantegian ehun eguneko greba ospetsua egin zutenetik 50 urte bete dira aurten (otsailaren 16an hasi zen, fabrika alboan zegoen Bordatxo tabernan langileak elkartu eta baskulara sartzean lanuzteari ekin zioten) eta garaiko behargin nahiz langileen asanbladako kide izandako zenbait pertsonak talde sustatzailea eratu dute, ekimen hori ezagutzera eman eta belaunaldi berrietako kideen memorietan bizirauten ere jarrai dezan. Hori horrela izanik, zenbait geldialdirekin ibilbide gidatua egin zuten: Michelingo frontoi irekia, beharginen jangela izan zena; Juan XXIII plazan egon zen kooperatiba; udaletxe zaharra bilakatu zen Guardia Zibilaren kuartela; eta Zumaburu auzoko Isla plaza. Azalpen eta anekdota ugari kontatu zituzten eta ekintzaren berri izatera joandako herritar bat baino gehiago animatu zen galderak egitera. Bitxikeria gisa, egun horretan 52 urte bete ziren Portugalgo Krabelinen Iraultza hasi zutenetik eta mugimendu horren ereserkia kantatu zuten amaitu aurretik, Grandola Vila Morena. TXINTXARRI-k ere jarraitu zuen ibilbidea eta datozen egunetan argitaratuko du horri buruzko ikus-entzunezkoa.

Ibilbide gidatua bukatu zenerako hasita zeuden Loidibarren pilotalekuko pala partidak. Amaia Txueka eta Edurne Txintxurreta aritu ziren Izaro Gomez eta Maialen Elduaren aurka. Urdin kolorearekin jokatu zuen azken bikote horrek irabazi zuen, 22-25. Ondoren, Iker Artetxe eta Luken Carbayedak jokatu zuten Jagoba Mendizabal eta Onditz Urruzmendiren aurka. Aurreneko partida bezala, estua eta emozionantea izan zen bigarrena eta gorriak gailendu ziren 25-24. 

Arratsaldeko ekimenak

Goizean erabilitako indarrak berreskuratzeko bertso bazkaria egin zuten Xirimiri elkartean, giro ederrean. Ondoren, gazte argazkia atera eta musikadun nahiz edaridun karroa hartuta herrian barrena ibili ziren poteoan eta arratsaldea girotzen. 

Amaitzeko, Ilargi tabernan zuzeneko musika saioa egin zuen MJotaXoxo DJak eta parranda luzatzeko baliatu zuten emanaldi hori askok.