Borrokan ari dira, seme-alabak txikitatik hezi nahi dituztelako herrian

Iñigo Gonzalez Sarobe 2026ko apirilaren 23a

Euren seme-alabak Lasarte-Orian hezi nahi dituzte gurasoek eta 2026-2027 ikasturtea irailean hasiko dela kontuan izanda, haur eskolaren egoera "ahalik eta azkarren lantzea" eskatu dute.

"Kezkatuta" daude 2025ean eta 2026an jaio diren umeen gurasoak, ez dakitelako datorren ikasturtean Lasarte-Oriako udal haur eskolan matrikulatu ahalko dituzten euren seme-alabak ala ez. Eskuratu dituzten datuak eskuetan, ia bi heren kanpoan gera daitezke, 121 jaio zirelako iaz eta eskaera berriak egiten dituztenentzako 46 toki daudelako uneotan –gehienez 62 leku egongo lirateke baina horietatik hamasei esleituta daude honezkero, kurtso honetan jadanik Andre Joakina-Enean daudelako–.

Egoera horren aurrean, arduradunen ateak jo dituzte soluzio eske. Lasarte-Oriako Udaleko nahiz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariekin, esate baterako, martxoaren 30an bildu ziren. "Jakinarazi ziguten arazoa ongi ezagutzen dutela eta hainbat hilabete daramatzatela konponbideak bilatzen. Edonola ere, ikusi dugu gu mugitu garenean hasi direla beraiek ere, mahai gainean jarri zizkiguten bi alternatibetako baten planoak bildu baino bi egun lehenago eginak zirelako", azaldu dute Okendo plazan egindako agerraldian.

Aipatutako plano horiek "aurreratuago" dagoen proposamenarenak dira, Garaikoetxea ikastetxeko atezainaren etxebizitza egokitzearenak. Neurri "eskasa" dela iruditzen zaie, hamar haurrek izango luketelako bertan egoteko tokia, eta, gainera, ez ditu betetzen Haurreskolen Partzuergoaren hitzarmeneko baldintza guztiak. "Gela bat egokitzeko espazioak bigarren gune bat izan behar du: erabilera anitzekoa, kanpotik sarbide zuzenekoa, 75 metro karratuko patioa, komunak eta zuzendaritzako bulegoa. Azken hori da betetzen ez duena". Udaleko arduradunek martxo amaierako bileran gurasoei esan zietenez, uste dute baldintza hori gabe lor dezaketela alternatiba hori onartzea Hezkuntza sailak, kontuan izanda Andre Joakina-Enea haur eskolan zuzendaritza bulegoa baduela, baina ez dute horren ziurtasunik.

Bigarren ildoa, lehenengoarekin bateragarria dena, "oraindik landu gabe" dagoela zehaztu dute gurasoek: Andre Joakina-Eneako sukaldea kentzea, espazio hori egokitzea eta gela berriak sortzea litzateke alternatiba. "Haur eskolakoek beraiek esanda, gune hori iluna da eta gure seme-alabak hara eramateak ez digu graziarik egiten". Aukera hori hilaren 13tik aurrera lantzen hasteko konpromisoa hartu zuen udalak.

Datorren ikasturterako matrikulazio epea zabalik dago Andre Joakina-Enean, maiatzaren 4ra arte.

Bilera horren ostean, informazioa Lasarte-Oriako gurasoen taldearekin partekatu zuten eta hiru erabaki hartu zituzten: proposatutako neurriak nahikotzat ez jotzea eta bestelako aukerak bilatzen hastea, udalari proposatzeko; mozio bat aurkeztea gaur arratsaldeko ohiko udalbatzarrean jorratu eta alderdi politikoek konponbideak bilatzeko lan egin dezaten; eta Haurreskolen Partzuergoarekin harremanetan jartzea ezarritako baldintzetan malgutasuna eskatzeko, egoera zein den kontuan izanda betiere. "Udalak posta elektroniko helbide bat eman zigun eurekin komunikatzeko eta bide hori erabilita, hilaren 12an, lau lokal proposamen aurkeztu genizkien gela berriak egokitzeko eta oraindik ez dugu mezu horren erantzunik jaso". 

"Herrian hezi nahi ditugu"

Etsipen kutsua dute guraso taldeko kideen hitzek, hurrengo ikasturtea hasten denerako konponbide bideragarririk ez dutelako espero. "Haurreskolen Partzuergokoekin harremanetan gaude eta esan digute udalak aurkeztutako proposamenak onartu egin behar dituela Hezkuntza sailak eta luzerako izan daitekeela tramite hori". Kontatu dutenez, gainera, arazoa ez da berria. "Gogoratzen naiz duela bost urte, pandemia garaian, 170 familia ginela eta arazo berdina izan genuen", oroitu du gurasoetako batek. "Bost urte geroago ez dute ezertxo ere mugitu, haiengana joan garen arte". 

Lasarte-Oriako haur eskolaren egoera zein den ikusita, inguruko udalerrietara jotzea beste aukerarik ez dute gurasoek. "Horrek, ordea, beste herrietako espazioak are gehiago tentsionatuko ditu. Gainera, kontziliazioa zailtzen du, umeen bila joateko edo edozer dela deitu ostean bertaratzeko urrutiago joan behar dugulako. Gure herrian hezi nahi ditugu gure seme-alabak".

Kontatu duten guztiaren berri emateko sinadura bilketa abiatu dute guraso taldeko kideek, baita haur eskolan tokia eskatu nahi duten haurren kopurua jakiteko ere. "Oraingoz, 69 familiak sinatu dute sarean zintzilikatu dugun formularioa", azaldu dute. Guztien datuak jaso eta lasarteoriakogurasoak@gmail.com helbide elektronikoaren bidez bidaliko dizkiote udalari.

Hurrengo urteetan toki eskasia areagotu daitekeela uste dute, hazten ari delako Lasarte-Oriako biztanleria eta auzo berrietara batez ere familia gazte gero eta gehiago etortzen ari direlako bizitzera. "Horrek, ziur asko, hurrengo ikasturteetarako toki eskaerak are gehiago izatea eragingo du". Edonola ere, orain arte egindako bideari tinko jarraituko diotela adierazi dute, amaitzeko: "Borrokan jarraituko dugu, gugatik ez bada hurrengo belaunaldietako umeen gurasoengatik. Egiturazko konponbideak behar ditu egoera honek, izan dadila hau inflexio puntu bat".

Erlazionatuak