ESKUTITZA

Lasarte-Orian, haur txikientzat tokirik ez

Ainara M. 2025ko uzt. 24a, 08:00

Andrejoakinaenea haur eskola.

Lasarte-Oriako haur eskola publikoko plazen egoerak agerian utzi du, beste behin ere, herriko familiei arreta emateko baliabide falta. 2025-2026 ikasturte honetan, 1-2 urte bitarteko bederatzi haur geratu dira plazarik gabe, talde horretarako klase bat gehitu den arren.

Arazoa, hain zuzen, erabaki horretan datza: gela berri hori sortzeko, 0-1 urteko haurren gela oso bat kendu da (8 plaza), eta ondorioz, 24 plazatik 16ra murriztu da eskaintza. Horietatik, 14 dagoeneko irailean sartzeko esleitu dira, eta 2 plaza baino ez dira libre gelditzen udazkenetik aurrera sartuko direnentzat, hau da, apiriletik aurrera jaiotako haurrentzat edo guraso baimena orduan amaitzen zaien familientzat.

Neurria, arazoa konpondu beharrean bikoiztu egin du: ez da lortu 1-2 urteko eskaera guztia asetu (9 haur kanpoan geratu baitira), eta are gehiago okertu da 0-1 urteko egoera, ia ezinezkoa eginez irailetik aurrera sartzea.

Udaletik jakinarazi dutenez, kezka Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Ordezkaritzari helarazi diote, eta herriko beste ikastetxe batzuetan gela berriak prestatzea proposatu dute irtenbide gisa. Keinua eskertzen badugu ere, errealitatea da familiok ez dugula oraindik alternatiba argi eta errealik. Gainera, Haurreskolak Partzuergoari gutuna bidali diogu, eta oraingoz ez dugu erantzunik jaso.

Bitartean, familiok irtenbiderik gabeko kalezulo batean aurkitzen gara: haurreskola pribatu bat ordaindu behar al dugu? Beste udalerri batera joan? Askotan posible ere ez diren lan baimenak luzatu?

19.000 biztanle baino gehiago dituen udalerri batean, ez da onargarria 0-1 urteko haurrentzat 16 plaza publiko baino ez eskaintzea. Ez da arazo puntuala, ezta berria ere: ez bada berehala neurririk hartzen, hurrengo ikasturteetan errepikatuko da egoera hau ondorio berarekin.

Zer gehiago gertatu behar da benetako neurriak hartzeko? Noiz arte egingo zaio muzin kontziliatzio justurako eskubidea kolokan jartzen duen egoera honi?