Kubara bidaltzeko oinarrizko materiala bilduko dute larunbatean Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2026ko apirilaren 21a

Argazkia: Buruntzaldeko Kontseilu Sozialista.

"Blokeo inperialistaren aurrean", Kubari elkartasuna adierazteko ekimena aurrera eramango duela iragarri du Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak: eskualdeko bost udalerritan, Lasarte-Orian barne, elikagaiak eta bestelako produktuak jasoko dituzte Okendo plazan, 11:00etatik 14:00etara. Hauxe da jasoko dutena: osasun, higiene, garbitasun, kirol edota eskolarako materiala, elikadura osagarriak edota elikagai ez galkorrak.

Antolatzaileek testuinguruan jarri dute larunbatean gauzatuko duten ekimena. "Amerikako Estatu Batuek ezarritako blokeoa hamarkada ugaritan zehar pairatu du Kubak eta hori sakondu dute gaur egungo presidente Donald Trump-en politikek", azaldu dute. "Itzalaldiak eta erregai eskasia ohiko errealitate bilakatu dira eta kubatarren eguneroko bizitzaren arlo guztiak kaltetzen ari dira; horien artean daude osasungintza, hezkuntza,  garraioa eta elikagaiak zein ura eskuratzeko aukera". 

Egoera horri aurre egiteko arestian aipatutako materiala jaso eta Kubara bideratuko dute. Ikasle Antolakunde Sozialista eta Euskadi-Kuba elkartearekin lankidetzan ari dira Buruntzaldeko eragileko kideak. "Herrialde sozialista izanik, laguntza eta elkartasuna zabaldu du munduko hainbat tokitara. Orain, guri dagokigu elkartasuna antolatzea Kubako herriarekin. Horretarako, Euskal Herriko langileria deitzen dugu bilketetan parte hartzera. Euskal Herriko 93 herritan jarriko ditugu bilkera puntuak larunbatean eta beste hainbat bilketa egingo ditugu hezigune ezberdinetan, aurreko egunetan".