Donostiarrek partida ona (aurreneko zatia, batez ere) jokatu zuten Levanteren kontra eta merezita poltsikoratu zituzten hiru puntuak. Baloiaren jabe egin ziren lehenengo minututik eta apurka-apurka aukera gero eta garbiagoak sortu zituzten, baina estreinako gola sartu ezinik. Horrelako egoerei buelta emateko aproposak izan daitezke kornerrak bezalako estrategia jokaldiak eta horietako bat baliatu zuen Realak markagailuan aurre hartzeko. Solerrek ederki zintzilikatu zuen baloia area txikian eta aurkarien atezainak baino gorago jauzi egin zuen Martinek, baloia sareetara bidaltzeko.
Aldea areagotzeko aukerak sortzen jarraitu zuten etxekoek baina ez zuten asmatzen. Horren aurrean, bigarren zati erdialdetik aurrera arrisku jokaldiren bat edo beste sortu zuen Levantek eta urduritzen hasi ziren zaleak, gehiegi barkatu ostean hiru puntuak beharrean bakarra poltsikora zezaketelakoan. Zorionez, ez zen hala izan, Brais Mendezek lasaitasunaren gola sartu zuelako 83. minutuan, Pablo Marinen pase erabakigarria baliatuta.
Ligako 11. garaipena eskuratu zuten txuri-urdinek eta zazpigarren postuan daude oraintxe, 41 punturekin. Txapelketa postu horretan bukatuko balute, azken urteetan behin baino gehiagotan jokatutako Europa League-n aritzeko txartela eskuratuko lukete Matarazzorenek. Taldea dinamika onean dagoela baliatuta, ordea, gora egiten jarraitu nahi dute. Zortzi jardunaldi dituzte horretarako; hurrengoa, Anoetan berriz ere, Alavesen kontra, larunbat honetan. 14:00etan neurtuko dituzte indarrak txuri-urdinek eta babazorroek.