Reala Errege Kopako finalera sailkatu zela jakitean egitaraua prestatzen hasi zirela jakitera eman dute udal arduradunek.
Adin guztiei zuzendutako egun osoko egitaraua aurkeztu dute eta herrian jai giroa nagusi izatea nahi dute. Horretarako goiz eta arratsaldez (11:30-13:30 eta 16:30-18:30) puzgarriak izango dira Mercero plazan eta Txu-txu trena ibiliko da Okendo plazatik aterata herriko kaleetatik barrena.
Eguerdian Oaintxe in deu! txarangak jai giroa hedatzeko herriko plazetatik kalejira egingo du eta arratsaldean, 19:30ean, zaleekin batera erdialdeko kaleetatik barrena egingo du bidea. "Herritarrak Okendo plazan biltzea nahi dugu eta txarangarekin batera ibilbide txiki bat egitea, Okendo plazan amaituta", azaldu du Alonsok.
Eta 21:00etan, finalaz gozatu ahalko dute herritarrek, Okendo plazan. Horretarako Udalak 6x3 metroko pantaila erraldoia jarriko du. Eguraldi txarra eginez gero, futbol partidaren emanaldia mantenduko dela ere aurreratu dute: "Karpa jarriko da".
Egitarauaren kartela:

Babesa eta gonbita
Era honetara, Realaren zaleek taldeari euren babesa erakutsi ahalko diote Lasarte-Orian, baita ekipoko kide den Jon Martin herritarrari ere. “Harro egoteko modukoa da Materazzo prestatzailearentzat eta klubarentzat hain garrantzistua den jokalaria bizilagun izatea. Realaren oraina eta etorkizuna da”, nabarmendu du Alonsok.
Alkateak, bere aldetik, hitzorduaren osagai emozionala nabarmendu du. Txuri-urdinek jokatutako azken finala pandemia dela eta publikorik gabe lehiatu zela gogora ekarri eta “oraingoan elkarrekin eta modu kolektiboan bizitzeko aukera” dugula adierazi du.
"Donostian ekimenak antolatzen ari direla dakigu eta sei kilometrotara bizi garen arren, herritarrek Lasarte-Orian Kopako finaleko jai giroa bizitzea nahi genuen," azaldu du Valdiviak. "Herrian geratu gero gainera, herriko merkatari eta ostalarien onurarako izango da," atxiki du.
Horregatik, udal ordezkariek herritarrak eta merkatariak egitarauarekin bat egitera gonbidatu dituzte: "Jendea kalera ateratzea nahi dugu, koadrilak elkartzea, taberna eta balkoiak apaintzea eta Lasarte-Oria giro errealistaz tindatzea”.
Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol arloari eskerrak eman nahi izan dizkio Udalak, "emanaldiaren baimenak eskuratzeko euren laguntza beharrezkoa izan baita".