Martu Harrera Taldea ezagutu dute

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 30a

Bi ikasturte daramatza kulturartekotasuna jorratzen Lasarte-Oriako Bizipoza Taldeak. Gai horretan gehiago sakondu eta udalerrian harrera talde bat eratzeko gogoak hauspotuta, Donostiako Martutene auzoan egiten ari diren lana ezagutzeko hitzaldia antolatu dute. Martu Harrera Taldeko kide Maite, Ixiar eta Ibai bertaratu dira Oriarte Landaberri institutura.

Martu Harrera Taldea Donostiako Martutene auzoan sortutako herri ekimena da. Bere helburu nagusia auzora iristen diren pertsonei (bereziki egoera zaurgarrian dauden migratzaileei) harrera egitea, informatzea eta auzo bizitzan txertatzen laguntzea da. Joan den urteko abenduan aurkeztu zuten eragilea ofizialki nahiz eta urte batzuk lehenago hasi ziren lanean, zehazki, 2021ean. Haur eta Nerabeentzako Tratu On Martutene egitasmoan elkartu ziren zenbait eragiletako ordezkariek eta bertan ondorioztatu zuten auzoan harrera komunitarioa egituratzeko beharra. Bi urte geroago Donostiako Udala, beste zenbait eragile eta bizilagunak elkartu eta egitasmoa diseinatzen hasi ziren, Elhuyar-ekin diagnostiko bat eginda aurrena.

Gaur-gaurkoz bi baliabide nagusi ditu Martu Harrera Taldeak. Batetik, Informazio Gunea, Sarroeta Auzo Elkartearen egoitzan (Pilarreko Ama kalea, 5). Bertan, astean behin (asteazkenetan), boluntarioek aholkularitza eta orientazioa ematen dizkiete bertaratzen direnei. Eta bestetik, Ongi etorri Martutenera! gida, bost hizkuntzatan argitaratu dutena: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta arabiera. Oriarte Landaberrira zenbait ale ekarri eta hitzaldira bertaratu direnei erakutsi dizkiete. Eskuorrietan jaso dituzte auzoko dendei, zerbitzu publikoei, izapideei eta ohiturei buruzko xehetasunak. 

Martu Harrera Taldeko sare "zabal eta anitza" eragile hauek guztiek osatzen dute gaur egun: Sarroeta eta Etxarriene auzo elkarteak; Arantzazuko Ama Ikastola eta Martuteneko Herri Eskola hezkuntza zentroek; Caritas, Hazi Berri Elkartea, Ongi Etorri Eskolara proiektua, Harrera Donostia, Martuteneko bizilagunak, Martuko Gazteak, Martu Jaiak eta Aizkorri Scout taldea gizarte eragileek. Donostiako Udalaren barruko zenbait departamentutako teknikariek ere parte hartzen dute.

Lasarte-Oriako Bizipoza Taldeko kideek interesez jarraitu zituzten Maite, Ixiar eta Ibairen azalpenak eta eskerrak eman zizkieten herrira etorri izanagatik. Amaitu aurretik talde argazkia atera zuten.

 
Erlazionatuak