Kulturartekotasunaren gaia, mahai ingurutik mahai gainera

Iñigo Gonzalez Sarobe 2025eko abenduaren 11

Harrera herria ote da Lasarte-Oria? Galdera horren bueltan ardaztu dute herriko Bizipoza Taldeko kideek aurtengo mahai ingurua, duela urtebeteko egun eta toki berean. Badaramate denbora kulturartekotasunaren gaia jorratzen, eta, tarteka, eguneroko zeregin eta erronketatik begirada altxa eta patxadaz hausnartzeko ekimenak aurrera eramaten dituzte, horien artean, solasaldiak. Antonio Mercero aretora gonbidatu dituzte Oriarte BHI institutuko Agenda 2030 egitasmoko koordinatzaile Aroia Kortabitarte eta Iñigo Etxeberria; Lasarte-Oriako Esku Hartze Komunitarioko hezitzaile Juantxo Arakama eta Leire Zubiarrain; Kumme elkarteko kide Andrea Garcia; eta Pasaiako Udaleko Euskara teknikari Jaione Urruzola. Arestian aipatuko eragileko bi ordezkarik gidatu zuten saioa, Leire Elizegik eta Joxe Mari Agirretxek.

Azken horrek egin zien hizlariei galdera: bakoitzak bere errealitatetik ea zer-nolako panorama ikusten duen udalerriko kulturartekotasunari dagokionez. Kortabitartek eta Etxeberriak azaldu zuten Oriarte institutukoa "aberatsa" dela, baina jatorri desberdinetako ikasleen artean ez dagoela elkarbizitzarik oro har. Edonola ere, jakinarazi zuten esparru hori jorratzeko talde bat eratu dutela eta 54 estudiantek eman dutela izena. "Arrazakeria kasuak badaude, egia da, baina ikusi dugu nerabe ugarik gaiarekiko interesa eta lanerako gogoa dutela". Bestalde, aurreratu zuten hezkuntza zentro horretarako harrera gida bat lantzen ari direla.

Esku Hartze Komunitarioko zerbitzuko langileek diagnostiko sakon bat egin zuten ia urtebetez, "zerotik hasita", 2023ko uztailean zerbitzua martxan jarri zutenean. Atera zuten ondorio nagusia hauxe da: adin txikiko biztanleak direla kolektibo zaurgarrienak. Horren aurrean eta, besteak beste, kulturartekotasuna landu eta bultzatzeko, lau gogoeta partekatu zituzten mahai inguruan: horretan eragiteko baliabideak koordinatzeko mahaiak eratu beharra; baliabide horien premia dutenek dituzten zailtasunak partaide izateko; esku hartze komunitarioa bera garatzeko premia; eta udalerriko komunitate anitza elkartzeko esparruak garatzea.

Duela urtebeteko mahai inguruan parte hartu zuen Kumme elkarteko kide Andrea Garciak eta ongi gogoratzen du zer-nola sentitu zen: "Errealitatea uste genuena baino gordinagoa zela jabetu ginen; isolatuta dauden kolektiboak gehiago direla, behar eta oztopo ugari dituztela". Premia horiek hiruzpalau multzotan aletu zituen herritarrak: Lasarte-Oriako Harrera Plana falta dela; erakundeek ez ezik, komunitateko gainerako kideek ardura ere badutela; udalerrira etorri berriak diren familiak askotan galduta egoten direla, ez dakitelako nora jo; eta gogoeta nahiz lana egiteko eremuak falta direla, "egunerokoak jaten baikaitu bestela".

Erakunde baten barruko ikuspuntua eman zuen Pasaiko Udaleko Euskara teknikari Jaione Urruzolak. Euskararen Plan Estrategikoaren lanketa jarri zuen adibidetzat. "Gure bulegoetan lan ildoak erabaki ostean herritar eta eragileengana jotzea baino, irizpideak elkarrekin lantzearen alde egin genuen". Hori horrela, eragin eremu ugari eratu zituzten. Banan-banan azaldu zituen, esate baterako, udalerri hori hobetze aldera bertako ikastetxeetako ikasleekin gauzatzen dutena: LH 5-6 eta DBH 1-4 mailetako haur eta nerabeek proposamen zehatzak egiten dituzte hilean behin.

Bigarren zatian dagoeneko martxan dituzten lan ildoez eta etorkizuneko aurreikuspenez hitz egin zuten gonbidatuek. Ondoren, aretora bertaratutakoek ekarpenak egin eta giro ederrean amaitu zuten saioa.

Erlazionatuak

Milakultura egunaren bideo laburpena

Txintxarri Aldizkaria mai 29 Gizartea