Etxeberriak egin ditu moderatzaile lanak, nahiz eta saioa gidatzeaz eta galderak egiteaz gain alboan izan dituen sei sortzaileen gogoetei tiraka bere hausnarketak partekatzera ere animatu den. Giroa goxatzen hasteko eta hasieran baino nabaritu ez den urduritasuna uxatzeko, hizlarietako bakoitzak bere burua aurkeztu du: aktorea da Intza Alkain; bertsolaritzaren bueltan dihardu Rekondok; bideogintzan eta zinemagintzan lan egiten du Inge Mendiorozek; ekoizpen artistikoa da Ione Zabalaren ogibidea; Hamarratz proiektuaren sortzailea da Uxune Iparragirre; eta Koöl Studio dendaren jabea da Karmele Salsamendi. Bere txanda azkenerako utzita, Basoko Maxuxta izen artistikoa hartuta ilustrazioak, belarritakoak eta beste zenbait sormen lan burutzen ditu Etxeberriak berak.
Sorkuntzaren eta euskararen bueltan hitz egiteko aitzakiarekin zazpi sortzaile elkartuz gero, gogoetak partekatu ahala indartu duten dinamikatik (hasieratik erakutsi dute elkarren arteko kimika oso ona guztiek) etorkizunean proiektu itxura har dezaketen ideiak, gogoetak eta sinergiak partekatzea ez da batere harritzekoa. Horixe bera egin zuten herrikideek, norbanako gisa egiten duten guztiaz gain elkartzeak eta saretzeak duen garrantzia nabarmenduta.
Aurkezpenen txanda amaituta, norberaren lanari lotutako galdera bana egin die Etxeberriak. Alkaini, ea emakume eta euskaldun izateagatik aukera edota muga desberdinak izan dituen rolak hartzerakoan. "Egia da behin baino gehiagotan deitu izan nautela nahi dutelako ezaugarri horietako aktore bat euren proiektuan, nor naizen ezagutu gabe. Proposamenei heldu egiten diet eta hortik eragiten saiatzen naiz". Bertsolaritza euskararekin oso lotuta dagoen sorkuntza diziplina izaki eta gazteei irakasten aritzen denez, hizkuntzaren egoera zer-nola ikusten duen azaldu du Rekondok jarraian: "Ezagutzak baino, hizkuntzarekiko jarrerek kezkatzen naute, gero eta ezkorragoak direlako batzuk. Horri lotuta, uste dut bertsolaritzak funtzio oso garrantzitsua duela euskararen normalkuntzarako hezkuntzaren esparruan".
Mendiorozek gogoeta interesgarri hau plazaratu du egiten duen lanari buruz: "Istorioak kontatzen ditut eta, nire ikuspuntutik, mundu honetan bizi naizen heinean, ezin ditut soilik euskal hiztunak direnenak kontatu, gaztelaniaz edota beste hizkuntza batzuetan bizi diren herritarrenak baztertuta". Zabalak adierazi du "eragin zuzena" duela lanerako hizkuntzak, batez ere ekoizpenaren barruko lanetan, esaterako, erresidentzia artistikoetan. "Talde txikiagoetan gaudenean, aktoreekin-eta, atmosfera jakin bat sortu behar dugu eta ama hizkuntzatzat euskara dugunok horrela hasten gara, giroa goxoagoa izaten delako guretzat".
Emakumeak, sortzaileak eta euskaldunak direnak saretzeak duen garrantziaz mintzatu dira Iparragirre eta Salsamendi. Aurrenekoak nabarmendu du "oso lagungarria" dela hori beste pertsona eta errealitate batzuk ezagutzeko, sektore desberdinetakoak izanagatik uste baino ezaugarri gehiago izan ohi dituztelako amankomunean. Horren adibidetzat jarri du Dinagu Kolektiboa, hitza hartzerakoan eragile horren sortzaileetako bat den Salsamendik berak azaldu duena. "Kreatzaile garenok zainduak izatea nahi dugu, hori da gure helburu nagusia".