Arratsalderaino luzatu da festa

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 25a

Goizean ailegatu da 24. Korrika Lasarte-Oriara Errekaldetik barrena. Makina bat herritarrek hartu dute parte, eta giroa galanta izan da. Dena den, festa ez da bazkariarekin batera amaitu. Izan ere, emanaldia eskaini dute hiru lasarteoriatar sudurgorriek; Porrotxek, Pirritxek eta Marimototsek, hain zuzen. Eta ez dira bakarrik izan, aurtengo Korrikaren lekukoa eraman duten herriko eragileak izan baitira eurekin, oholtzan. Banan-banan igo dira. Talde argazkia atera, eta ekimenean parte hartzekoaren zergatia adierazi dute, mikrofonoz lagunduta, Okendo plazara gerturatutakoek entzun zezaten. Horrekin batera, dantzan eta kantuan ere aritu dira. Pailazoen kantu klasikoak entzun dira, enparantza nagusiko txoko guztietan. Ospakizuna biribiltzeko, LOZETeko buruhandiek eta erraldoiek erdigunea zeharkatu dute dultzaineroekin batera.