Lasarte-Orian ere eragilez eragile eskualdatu dute euskararen lekukoa

KORRIKA - Euskal Herriko AEK 2026ko martxoaren 25a

Lasarteoriatarrek gogotsu aldarrikatu dute euskara direla. Donostiarren eskuetatik hartu dute lekukoa Errekalde hiribidean, eta herrian barrera lasterka egin ostean, Usurbilerantz jarraitu du euskararen aldeko lasterketak. Euriak eutsi dio eta jendetza bildu da herriko txoko guztietan. Ederra izan da!

Aurreikusitakoa baino zertxobait beranduxeago iritsi da, Donostiatik, 24. Korrika Lasarte-Oriara; beranduxeago, baina seguru. 13:30ak aldera hartu dute herriko lehen ordezkariek lekukoa:  HIK Hasi eta Decathloneko kideek. Errekalde hiribidean barrena abiatu, eta  Argia, IAMETZA eta Antzako langileei pasa diete ikurrindun egurrezko lekukoa.

Horien atzetik hiru eragilek osatutako taldearen unea iritsi da: Sorgin Jaiak, Michelin lantegiko LAB sindikatuko ordezkariak, eta Hirube. Atsobakar zahar egoitza pareko biribilgunean Goiegi alderako bidea hartu dute horiek guztiek, eta aurrekoek zein ostekoek bezala, ozen aldarrikatu dute Lasarte-Oria euskaraz dela. Aipatu egoitzako egoiliarrek ere harrera beroa egin diote Korrikari; eraikineko balkoi berrira irten dira lasterketa erraldoia ikusi eta ekimen hori aurrez aurre ikustera. 

Zabaletara bidean, Pinutegiko aldapa hasi orduko, Ostadar SKTk eta Erketz EDTk hartu dute lekukoa. Eragile horietako ordezkari banak osatutako bikoak elkarrekin eraman du lekukoa, eta EH Bildu alderdiari emateko ardura izan dute horiek. Horiek ere maldan gora egin behar izan dute lasterka, baina hori hala izanagatik, sasoi betean direla erakutsi dute; ederki moldatu dira eta izan dute, gainerako lasterkariekin batera, euskararen aldeko aldarriak egiteko indarra.

Buruntzaldea IKTko igerilariak eta EAGI Gipuzkoako eraikuntzako lanbide heziketa eskolako ikasleak izan dira hurrengo protagonistak. Gazte kuadrilla ederra batu dira, eta indartsu eutsi diote horiek ere euren kilometroari. 

Bat-batean, buruhandiak

Eta zer nolako kilometro koloretsu eta alaia osatu duten Zabaleta Auzolan elkarteko lagunek. Herriko jaietan gaztetxoen bizkarrak berotzen aritzen diren buruhandiak jantzita agertu dira aipatu elkarteko ordezkariak: pailazoa, oilarra, tximinoa eta zerria. Ondoan ikus zitezkeen ere auzoko irudi den Teresa sorginaren koloretako banderak. 

Lasartearra, Xirimiri, Arrieskalleta, Intza, Extremadura Etxea eta Buruntzazpi elkarte gastronomikoetako lagunei eman diete zabaletarrek euskararen lekukoa, eta Buenos Aires aldapan behera abiatuta, herriko ikastetxeetako (Landaberri, Oriarte eta Sasoeta) ikasleak izan dira lasterketa buru. Gainerako guztiek bezala, horiek ere pozez, zirraraz egin dute lasterka.

Ikastetxeetako guraso elkarteen txanda izan da ondoren. Anbulatorio pareko bihurgunean hasita, Ola kalean barrena eraman dute horiek lekukoa, eta eurak arduratu dira Xumelako kideei txanda emateaz. Gustura egin dute zegokien tartean lasterka koruko bi kidek, eta horien eskuetatik jaso dute gero Biyak Bat egoitzako lagunek lekukoa. Aterpearekin batera elkarbanatu dute 1.778. kilometroa Xumelak eta Biyak Batek; denak euskararen alde. 

Ohiko lekuan hartu du ostea Lasarte-Oriako Udalak lekukoa, Kale Nagusia 25 zenbakian. Agustin Valdivia alkatea arduratu da udal ordezkarien izenean lekukoa eramateaz, eta baita ere hurrengo eramaileei emateaz. Katxiporretako lagunek jaso dute udalaren eskuetatik. Bertan ikusi ditugu Porrotx eta Marimotots pailazoak, eta beraiekin batera, Kume egitasmoko gazteak ere. Horiek izan dira lekuko eramaileak Buenetxea taberna parera heldu bitartean. Horra iristerako, bertan ziren zain Kukuk Antzerki eta Dantza eskolako lagunak, eta horiek ere gozatu ederra hartu dute; izan da irrintzia aireratzera animatu den taldekiderik ere. 

Azken kilometroak

Ttakun Kultur Elkartea eta Muntteri AEK izan dira hurrengo protagonistak. Korrika Iñigo de Loiola kalean sartu eta berehala hartu dute lekukoa Ahobero egitasmoko kideek, eta horien eskuetatik, ostean, Muntteri AEKkoek. Kilometro ederra osatu dute horiek ere Uistin kalera heldu bitartean. Hortxe izan da Lasarte-Oriako azken lekuko eramailean txanda. Hipodromoko eta Enpresabideaneko ordezkariak arduratu dira euskararen lekuko Hipodromoko zubira arte eramateaz, eta hori usurbildarrei pasatzeaz. 

Jendetza batu da herrian lehen kilometrotik azkenera arte, eta denek elkarrekin argi erakutsi eta aldarrikatu dute Lasarte-Orian ere euskara direla.

 

*Argazki galeria hau, AEK-Korrikak ateratako irudiekin osatu du TXINTXARRI-k.