Euskararen aldeko lasterketa erraldoia aurreikusi baino ordu erdi geroago iristeak ez ditu herritarrak urduritu; are grina gehiago eman die maitasun eskutitzaren bide luzearen Lasarte-Oriako zatian parte hartzeko, Xiberutik Mendebaldera 11 egunez egiten ari diren horretan. 29an amaituko da, Bilbon.
Hik Hasi eta Decathlon-en artean partekatu dute Lasarte-Oriako mugen barneko aurreneko testigua. Ordurako ilara luzea zuten atzean. Lasterka edota bizikletan, guztiek oihukatu dute gure udalerria ere euskararen alde dagoela. Erritmoa jartzen lagundu die gure tarteko esatari lanak egin dituen Maddi Noriega Zalduak, aldizkari honetako erredakzioko lankide ere badenak. Mikrofonoa hartu eta herriko ibilbidea girotzeko azken orduan fitxatu badute ere, erronkari ederki eutsi dio eta Muntteri AEKko kideen nahiz antolakuntza orokorrekoen laguntzarekin ederki gidatu ditu ehunka parte hartzaileak.
Gauzak horrela, lekuko aldaketaz lekuko aldaketa Hipodromo etorbideko zubiraino iritsi dira eta usurbildarrei eman diete lekukoa, Herensugeren itzalak Euskal Herrian barrenak joaten jarrai dezan, igandean Bilbora ailegatu arte.