1993ko urriaren 1ean argitaratu genuen aurreneko alea eta orduan hasi ginen Lasarte-Oriaren berri gertutasunez eta euskaraz ematen. Hori horrela izanik, 1995ekoa izan zen TXINTXARRI-k bertatik bertara jarraitu zuen aurreneko Korrika, Euskal Herri osoarentzat hamargarren edizioa izan zena.
Euskararen aldeko zoro zoragarriak hamabost urte lehenago hasi ziren Euskal Herria alderik alde zeharkatzen Zuk ere esan bai euskarari lelopean. Gaur-gaurkoz ohituta gaude udaberria hastearekin batera "tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika!" oihukatzen, baina estreinako ekimena azaroaren 29tik abenduaren 7ra aurrera eraman zuten, Oñatitik hasi eta Bilbora ailegatu arte. TXINTXARRI aldizkaria (eta Ttakun Kultur Elkartea ere ez) ez zen jaio oraindik baina edizio horretako irudi bat topatu dugu 1995eko martxoko agerkari batean; I. Lizardiren artxiboko argazki bat erabili zuten orduko kazetariek.
1995az geroztik bi urtean behin (2020ko pandemiaren eraginez, 2019ko edizioa eta hiru urtera egin zuten hurrengoa, 2022an) etorri da Korrika gure herrira eta une ahaztezin ugari utzi ditu. Horietako zenbait berreskuratu eta galeria honetara ekarri ditugu. Bihar eguerdian (13:00ak aldera) iritsiko da 24. Korrika gurera eta are momentu, emozio eta bizipen gogoangarri gehiago harrapatzea espero dugu!
Txuri-beltzean nahiz koloretan, euskara gara!