Ilundu aurretik argi asko irakurtzeko moduko afixak prestatu dituzte manifestariek. Okendo plazan utzi dituzte Klase borroka transfeminista, antiarrazista eta antifaxista izango da edo ez da izango edota Lan asalariatu derrigortuaren kontra lelodun pankartak. Herrian barrena erakusteko hartu dutenean hauxe leitu zitekeen: M17 greba orokorra. Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1.500€. Soldatak hobetu, aberastasuna banatzeko. Arratsaldeko manifestazioan zehar, beraz, goiz osoan zehar Hego Euskal Herriko hiriburu, herri eta udalerri ugaritan ozen aldarrikatutakoa kalera atera dute beste behin.
Arratsaldeko zazpiak pasatxo abiatu dira ehundaka manifestariak (Usurbilgo herritar ugarik bat egin dute Lasarte-Oriako ekintzarekin) Okendo plazatik eta Kale Nagusia zeharkatu dute, Largoenea kaleko biribilgunetik Zumaburu kalera joan eta berriro ere Kale Nagusira itzultzeko. Hipodromo etorbidetik jaitsi eta hasitako tokira itzuli dira, Okendora, herriko greba batzordeko kide Susi Sanzek eta David Penak irakurri duten komunikatuko gogoetak parte hartzaileekin partekatzeko.
Krisien aurrean, bizitza duinak
Langile eta herri sektoreentzat ez dira garai errazak. Krisi hitza eta horren ertz ugari izan dituzte ahotan greba batzordeko kideek: "Krisi ekonomikoa, politikoa, soziala, ekologikoa, zaintza lanena... Mundua hankaz gora jarria du sistema kapitalista heteropatriarkal, ekozida eta arrazistak", nabarmendu dute. Joera "autoritario eta faxistak" hedatzen ari direla eta "gerra inperialistak" eragiten ari direla ohartarazi dute, "pobrezian eta prekarietatean sakonduta". Testuinguru horretan, aberatsak gero eta aberatsago dira, boterea gero eta esku gutxiagotan dago eta langileak baztertuago. "Emakumeok, gure sorterria utzi dugun pertsona migratuok, arrazializatuok, aniztasun funtzionala dugunok, gazteok edota sexu genero disidenteok kapitalaren ofentsibaren jopuntuan gaude".
Patronalarengana eta agintean dauden politikariengana ere zuzendu dira agerraldi amaieran, aberastasuna justuago banatze aldera proposatutako neurri oro "oztopatzen" ari direla salatzeko. "Oinarrizko beharrak ase ahal izateko adina diru jasotzea galarazi nahi dute, dagoeneko pairatzen ditugun arrakala sozial guztiak larriagotzeko. Aldarrikapen legezko, duin eta egingarriari atea itxi diote". Bada, horretarako aurrera eraman dute greba orokor eguna Hego Euskal Herrian, eragile horiek zarratu nahi dituzten ateak irekitzeko. "300.000 langile baino gehiagok kobratzen dituzte 1.500 euro baino gutxiago hilean; inork ez du nahi, gogor lan egin eta gero, miseriazko ordainsaria jaso eta bizi proiektua garatzerakoan estu ibili. Horregatik da garrantzitsua LGSa hemen erabakitzea eta lortu arte borrokan jarraituko dugu!".
Norabide horretan, pertsona guztiei "diru sarrera duinak" bermatzea "desberdintasun sozialei aurre egiteko eta aberastasuna banatzeko nahitaezko osagaia" da, "justizia sozial kontua". Eskerrak eman dizkiete herriz herriko greba batzordeetako kideei eta baita lanuztea egin duten langileei ere, lantokietakoak edota komertzioetakoak izan. Horrekin batera, alor denetako eragileen ahalegina txalotu dute, jarduera bertan behera utzi edo greba egunera moldatzeagatik.
Greba orokorra langileek duten tresna "indartsuenetakoa" dela azpimarratuta, mezu argi hau luzatu dute: "Elkartuta eta borrokatzeko prest topatuko gaituzte. Gure artean baditugu desadostasunak, bai, baina askoz ere gauza gehiagok batzen gaituzte: mundu berri bat behar dugu, bizitzak erdigunean jarriko dituen ereduan oinarritutakoa". Gaur erakutsitako "indarra" balioan jarri dute, bukatzeko: "Garaipen berriak ez dira berandutuko. Lantokietan, kalean, etxean eta edonon, jarrai dezagun borrokan. Gutxieneko soldata propioaren eta bizitza duinen alde: gora langileon borroka!".
Piketeak eta errepide mozketak
Lasarte-Oriako greba batzordeko kideek goizean goiz ekin diote lanari, pikete informatiboak eginda eta zenbait errepide moztuta, besteak beste, Michelin Lasarte lantegi atarikoa. M17 greba orokorra. Hemen lan egin, Euskal Herrian erabaki lelodun pankarta erabili dute horretarako. Eskualdean barrena gisa horretako ekintza ugari egin dituzte eta eragin handiena izan duenetako bat N-1 errepidea zenbait eremutan etetea izan da.
Egunak argitu duenean, Okendo plazan elkartu eta kale birari ekin diote, saltokiz saltoki, itxita zeudenak zenbatu eta irekita zeudenei lanuzte eguna zela gogorarazteko. Horietako zenbait zabalik aurkitu badituzte ere, espero baino negozio gehiagok pertsiana jaitsi dutela jakinarazi dute greba batzordeko kideek. Jarduera horrekin jarraitu dute Urbil merkatalgune atarira iritsi arte. Bertan ere zabaldu dituzte grebaren aldeko aldarriak.
Donostiako manifestazioa
Bitartean, lasarteoriatar ugarik 10:30eko trena hartu dute, ordubete geroago Pio XIIrantz abiatzekoa zen Anoeta estadioko zutabearekin bat egiteko. Milaka pertsonak parte hartu dute Donostiako manifestazioan, Gutxieneko soldata hemen erabaki. SMI 1.500€ lelopean, baita Hego Euskal Herriko gainerako hiru hiriburuetakoetan ere: orotara 105.000 lagun inguru batu direla jakinarazi dute lanuztea antolatu duten sindikatuek: ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde.
Udalerritik hiriburura joan diren lasarteoriatar gehienek mobilizazio horretan parte hartu dute baina zenbaitek, aldiz, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak aurrera eramandako manifestaziora joan dira. Kapitalismoaren ofentsibaren aurrean, klase borroka hedatu! leloa erabili dute.
Herrira bueltan, egitarauan jasotako bazkari prekarioarekin bat egin dute zenbait herritarrek eta arratsaldean erdigunean barrena egin duten manifestaziorako indarrak hartu dituzte.