Aurkezpenarekin batera hasi da egun handirako atzerakontua

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 15a

Hastear dago 24. Korrika. Astebete baino gutxiago falta delarik, herriko eragileekin batera aurkezpen gala egin zuen AEK Muntterik, ostiral iluntzean. 

Euskara gara lelopean ospatuko da 24. Korrika. Atharratzetik Bilborako bidea egingo du, hamar egunez, eta Euskal Herriko txoko oro bisitatuko ditu, bitarte horretan. Hilaren 25ean ailegatuko da AEK-ren furgoneta, Lasarte-Oriara. Bazkalorduan. Egun horri begira, aurtengo Korrikaren aurkezpen jaia egin zuten, ostiral arratsaldean, kultur etxean. Maider Segurola kazetaria aritu zen aurkezle lanetan. 

Xumela abesbatzak ireki zuen ordubete inguruko gala. Gitarraz zein trikitixaz lagunduta abestu zituzten pare bat kanta. Koruaren ondotik, herriko hainbat kultur eragile etorri ziren, diziplina orotarikoak denak. Izan ere, Earra! bertso eskolako bi kideek bertso bana bota zituzten. Kukuka antzerki eta dantza eskolako zein Erketz dantza taldekoek dantzari finak zirela erakutsi zuten, hurrenez hurren, euskal dantza tradizionaletik eta garaikidetik interpretatutako erakustaldiekin. Hori ez ezik, akordeoien doinuez gozatzeko tartea eskaini zuen Zero Settek, eta 24. Korrikako merchandisinga erakusteko, arropa desfilea egin zuten hainbat herritarrek; gazte zein helduk. Era berean, azken edizioko irudiekin Isa Fernandez de Agirrek egindako bideo muntaia erakutsi zuten. 

Ikuskizunak ikuskizun, petoen banaketari ekin zioten, bukatu aurretik. Jarraian, Jalgunek eta Porrotxek 'Pausoka pausoka' eta 'Agur bat, lagun maite' abestiak dantzatu eta abestu zituzten, publikoarekin eta petodunekin batera. 

Gala amaitu arren, kultur etxetik at jarraitu zuen festa, bertan Dinbi Danbak batukada emanaldia egin baitzuen, erdigunetik barrena. Ondoren, Oihan Vegak afalordua girotu zuen, Oriarteko patioan kontzertua eskaini baitzuen.