Lanuzte orokorra egiteko aldarri nagusiak bi dira: 1.500 euroko Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata ezartzea eta gai horri buruz Euskal Herrian erabakitzea, "Madrildik inposatutako lan harremanen markoa gainditu, bizi baldintzak hobetu eta aberastasuna hobeto banatzeko", ELAko kide David Penaren hitzetan. Sindikatu horren Soldaten erradiografia eta errentaren banaketaren azterketa ikerketako datu bat eman du: "2008tik ekonomia % 22,5 hazi bada ere, soldatak % 2,9 baino ez dira igo". Beste zenbaki batzuk ekarri ditu LABeko ordezkari Olatz Arozenak: "Gutxienez 239.535 langilek kobratzen dituzte 1.500 euro baino gutxiago; hirutik bi emakumeak dira, bitik bat migratzailea eta lautik bat 30 urtetik beherako gaztea".
Gaia begirada feministatik jorratu du Maialen Aranburuk. Etxean "modu ikusezinean eta ordaindu gabe nagusiki emakumeek egiten duten lana", aberastasunaren banaketa "injustuak" eragindako soldata eta pentsio arrakalak... azaldu ditu, baita horren aurrean "alternatibak" eraikitzearen eta "langile klasearen, emakumeen eta pertsona migratuen eskubideak eta interesak erdigunean jarriko dituen erantzun sendo bat" ematearen beharra nabarmendu ere.
Emakume eta pertsona migratuekin batera, gazteei ere bete-betean eragiten die aferak. Adin tarte horretako pertsonen perspektiba ekarri du hitzaldira Xuar Agirrek, hilaren 17an nahiz beste mobilizazio batzuetan erakutsi(ko) duten indarra eta gogoa nabarmentzeko. "Subjektu aktibo bilakatu gara horrelako ekintzetan eta gauza asko ditugu esateko. Euskal Herriak burujabetza behar du arazoei aurre egiteko".