"Autoestimu dosi ederra izan da; hamahiru urtetako auzolanari egindako aitortza"

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 13a

Irudia: Errigora

Orburutxo eta Zainzuriñe - Errigora, 24. KORRIKA-ko omendua

24. KORRIKA-ko omendua da Errigora. Eragile horren auzolan ereduari gorazarre egin dio AEKk aurten, eta, bide batez, baita euskararen lurra lantzeko dozena pasa urteetako ekinaldiari ere. Hori horrela, euskararen aldeko lasterketa erraldoiko protagonista nagusia izango da Errigora; bi ordezkarik parte hartuko dute, lantzean behin, lekukoa daramatenen eta horien atzetik lasterka joango direnen artean agertuko direnak. Ez dira edonor, ordea; Nafarroa erdi eta hegoaldeko lurretan maiz ekoizten diren bi barazki izar: Orburutxo eta Zainzuriñe. Horiek elkarrizketatu ditu TXINTXARRI aldizkariak.

Nola jaso du Errigorak aurtengo Korrika-ko omendua izatearena?

Ilusio ikaragarria eman digu Errigorako kideoi Korrikak bere 24. edizioko eragile omendua izateko gure herri ekimen hau hautatu izanak. Azken finean, hamahiru urteko auzolanari egindako aitortza bat da, eta horrek proiektuaren parte garen guztiontzat autoestimu dosi eder bat izan da. Harrotasunez bete gaitu. Euskal Herrian Korrikaren tamainako ekimen eta erakusleiho gutxi daude ziurrenik. Horregatik, omenaldia Errigora ezagutzera emateko baliatu nahiko genuke. Oraindik ere herritarren gehiengoak ez gaituelako ezagutzen.

Zer jartzen du balioan aitortza horrek?

Euskal Herriaren luze zabalean euskara eta elikadura burujabetzaren alde urtero-urtero loratzen den herriz herriko auzolan nekaezina. Baita Nafarroa erdi eta hegoaldean euskara eta bertako ekoizpena sustatzeko lanetan ari diren lagun horiek guztiak ere.

Zer nolako produktuak eskaintzen ditu Errigorak?

Nafarroa erdi eta hegoaldea du ardatz Errigorak. Euskal Herriaren baratza ere deitu ohi zaion eremu hori bera. Horregatik, lur horietan propio hazten diren lehengaietatik abiaturiko produktuak eskaintzen ditugu, gehienak kontserbetan, bertan urte luzeko tradizioa duen ekoizpenforma. 

Hala, kanpaina guztietan ondoko produktu hauek eskaintzen ditu Errigorak: oliba-olioa birjina estra, barazki-kontserbak, ardoak, arroza, pasta, lekaleak, fruitu-lehorrak... denetarik!.

Tartean zuek ere bai: zainzuriak eta orburuak.

Nola ez! Aipaturiko zonaldea zainzuri eta orburuz beteta baitago! Elikadurak ere garrantzizko tokia jokatzen du gure kulturan, eta horregatik, Euskal Herriko hegoaldeko sukaldaritzan murgiltzeko modu ezin hobea da zainzuri eta orburuak gure eguneroko menuetan txertatzea. Goxo-goxoak eta ezin osasuntsuagoak!

Produktuen eskaintzaz gain, euskarari sekulako ekarpena egiten dion eragilea da Errigora.

Errigora proiektua 2013an abiatu zen, Tuterako Argia Ikastolaren larritasun ekonomikoari erantzun nazional bat emateko helburuarekin. Hor egin zen lehen aldiz Euskarari Puzka kanpaina eta 34.000 euro inguru bildu ziren Ikastolarentzat. Horretarako tresna bertako jakiak izan ziren, horiek Euskal Herri osoan banatuz bildu zen elkartasun ekonomikoa. Formula hark ederki funtzionatu zuela ikusita ekin zen urtero kanpaina errepikatzeari, eta ostera ekarpen ekonomikoa zonaldeko euskalgintzako hainbat eragileren artean banatzen da (AEK, Ikastolak, Sortzen eta Agerraldia). Hortaz, esan dezakegu euskararen ildoa oinarrizkoa izan dela beti Errigoraren baitan.

Auzolana da Errigoraren lan tresna nagusia: ehunka lagunen borondatezko lana da eragilea mugiarazten duena. Hain zuzen, betiko lan kolektiboa balioan jartzea ere badu xede. Korrikak ere filosofia beretik egiten du aurrera bi urtean behin.

Auzolana ezinezkoa dirudien hori egi bihurtzeko dugun tresna da. Herriaren borondateari bultzada emateko oinarrizko bidea. Errigoran filosofia hori gure praktika orotan txertatzen dugu, eta horri esker eratu dugu gaur egun daukagun sare erraldoia, herriz herri lanean ari diren ehunka auzolangilek osatzen dutena. Zentzu horretan, sintonia handia sentitzen dugu Korrikaren egiteko moduekin. AEK eta Errigoraren arteko elkarlana etengabea da egunerokotasunean.

 

"Nafarroa erdi eta hegoaldea dugu ardatz; 'EHren baratza' deitu ohi zaion eremua"

 

Aurtengo Korrikako protagonistak izango zarete zuok, Orburutxo eta Zainzuriñe. Zein modutan parte hartuko duzue 24. KORRIKA-n?

Errigorako ordezkariak izango gara aurtengo Korrikan. Ibilbide guztia furgonetekin batera egingo dugu, eta egunean behin korri egitera aterako gara, sorpresa izanen den kilometro batean. 

Horri tiraka, joko bat luzatu diogu Korrikazale orori. KLIK KLAK bideo-kroniketan ikusi ahalko dute zein kilometrotan atera garen lasterka egitera, eta errigora.eus webgunean sartuz, zozketa batean parte hartu ahalko dute kilometroaren zenbakia asmatuta! Egunero sari bikainak zozkatatuko ditugu.

Lasarteoriatarren artean ere ikusiko al zaituztegu?

Esan bezala, gure irteera momentua sorpresa izango da. Hortaz, baliteke Lasarte-Orian ateratzea.

Zer lortu nahi zenukete aurtengo ekimenean parte hartzearekin?

Errigoraren misioa Euskal Herriaren luze zabalean hedatzea eta gure lagun sarea handitzea.

Nola ekoizten dira zainzuriak, Zainzuriñe?

Denbora eta pazientzia handiko prozesua da, zainzuriak lantzeko lurra prestatzea bizpahiru urteko prozesua da. Lurra behin prest dagoelarik, aurreko urteetan landaturiko zurtoinen gainean lur gehiago bota (30-40 zentimetro) eta guztiz estaltzen da landarea, iluntasuna ezinbestekoa baita zainzuririk onenak hazteko! Udaberrian jasotzen da uzta, zurtoinaren goialdea bildu eta zaina berriro lurperatuz.

Nola kontsumi zaitzakegu?

Freskoan udaberrian bertan, eta kontserbei esker urte osoan zehar!

Zu ongi zuritzeak ere badu bere garrantzia, ezta? 

Kalitatezko zainzuriak izan ohi gara Nafarroakoak, mimo handiko ekoizpen prozesua bizi dugunak. Zuriketa ere esku onek egiten dutenez, Errigorako zainzuriok ez dugu halako problemarik bizitzen!

Aizu... eta jaten zaitugunon txizari nola eragiten diozu usain propio hori?

Gorputzak gu jatean askatzen duen sufrearen errua da! Baina lasai egon, ez da kaltegarria. Zainzuria jateak, aldiz, baditu onura asko: urtsua dela, diuretikoa, antioxidatzailea, bitamina asko dituela, potasioa ere bai. 

 

"Ezinezkoa dirudien hori egi bihurtzeko dugun tresna da auzolana Errigorarentzat"

 

Orburutxo, eta zu? Nolakoa da zu ekoizteko prozesua?

Orburuok landare handi batetik gatoz, jaten duzuen orburu bakoitza landare horren fruitu-ale bat da. Fruitua eman arteko prozesua, gure kasuan ere, hainbat urteko kontua da. Prozesua oso delikatua da.

Zein baldintza behar dituzue hazteko?

Klima epela, eguzki pila bat eta ongi ongarritutako lurra.

Zein da zuok kontsumitzeko garai ona?

Negu eta udaberri artekoa!

Badira oso gustuko zaituztenak edo erabat gorroto zaituztenak. Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?

Erriberan mundu guztiak gustuko gaitu! Euskal Herrian iparralderantz egiten dugunean gurekiko maitasuna gutxitu egiten da normalki, jendea ez omen dagoelako ohituta. Ez dut ulertzen. Nola ez zaigu ba euskaldunoi gure lurrean hain tipikoa den orburua gustatuko? Euskal gastronomiaren aldeko kultura gehiago behar dugu...

Jaten dituenari haizeak sor diezazkiokezu. Zergatik gertatzen da hori?

Fermentatzeko joera handia daukagulako gertatzen da hori. Hala ere, gure defentsan, esan behar dut oso jaki aberatsak garela: antioxidatzaileak, fibra pila batekin, potasioa, kolesterol txarra gutxitzen laguntzen dugu, baita diabetesa kontrolatzen ere...

Zenbat zuritu behar zaitugu?

Kolorean dago gakoa! Kanpotik berde ilun kolorea dut, baina barnealdetik askoz argiagoa naiz. hiru edo lau kapa kentzearekin aski

Animazio eta edizio 'Bikainak'

 

Tipi-tapa baino, tiki-taka, tiki-taka ibili dira Bikain Diseinu Grafikoko lagunak hilabetez, ordenagailuetako teklatuak astindu eta astindu, Errigorako lagunek egindako enkargua prestatu eta Orburutxo zein Zainzuriñe pertsonaiak "birsortzeko", euren estilo bereizgarri eta ezaguna erabilita (alboko elkarrizketako irudia da horren adibidea).

Julian Toquero jabeak TXINTXARRI-ri kontatu dionez, Katxiporreta taldearen Irria aldizkaria irakurri ondotik jarri ziren Errigorakoak beraiekin harremanetan, agerkari horretarako egindako lana gustatu zitzaielako. Vanesa Lobatok sortutako Orburutxo eta Zainzuriñe protagonista dituen bideoa egiteaz arduratu dira. Bestela esanda, pertsonaia horiek birsortzeaz, nolabait: marrazteaz, animatzeaz eta ikus-entzunezkoa editatzeaz. Bi minutu eta 30 segundoko pieza audiobisuala ondu dute, erraz eta gustura ikusten dena, eta sortzaileei kanpotik dirudiena baino lan dezente gehiago eman diena: "Bikaineko hiru langile jardunaldi osoz aritu gara hilabetez proiektu horretan lanean, eta alor horietako ikasketak egiten ari den nire seme Oierrek ere asko lagundu digu animazioarekin eta edizioarekin".

Ikus-entzunezko horrez gain, Korrika egitasmoarekin zerikusia duten beste lan batzuk egin dituzte aurretik. 2016ko Tipi-Tapa, Korrika! diskoaz gogoratu da Toquero; 20. Korrika ekimenen harira argitaratu zuten lan hori Pirritx, Porrotx eta Marimotots sudurgorriek, AEK eta euskararen aldeko ekimen erraldoi hori bera omentzeko. Bi edizio geroago, 2022an, beraiek aintzatetsi zituen antolakuntzak.

Auzolangile lasarteoriatarrak

 

Errigorak baditu herriz herriko taldeak, horien artean baita Lasarte-Orian ere. Boluntarioki lanean aritzen diren herritarrek osatzen dute hori, eta aipatu eragileak aurrera eramaten dituen kanpainetan laguntzen dute, besteak beste. 

Lasarte-Orian Errigorako taldea 2014ko urrian jarri zen martxan, hau da, Errigoraren sorreraratik urtebetera. Hori horrela, 11 urte pasatxoko ibilbidea egin du dagoeneko. Lauzpabost laguneko taldetxo egonkor bat arduratzen da Errigoraren urteroko bi kanpainak dinamizatzeaz. Horiek aurrera ateratzeko, ordea, boluntario gehiagoren auzolana beharrezko izaten dute. Eskaerak Lasarte-Oriara goizez iristen direnez,  talde dinamizatzailekoak ez diren bost edo sei laguneko talde bat arduratzen da horiek deskargatzeaz eta produktuak Ttakunenea elkartean gordetzeaz. Bestetik, banaketa egunetan laguntza puntuala eskaintzen duten hainbat lagun ere baditu taldeak. 

Horretaz guztiaz gain, Errigorak udazkenero produktuen kutxak egiteko Ablitasen egiten duen auzolan erraldoira ere 15-20 laguneko taldea urtero joaten da. Beraz, esandako hori guztia kontuan hartuta, Lasarte-Oriako 25-30 lagunek hartzen dugu parte urtero Errigoraren askotariko lanak aurrera ateratzen. 

Amaitzeko, eskertu nahi izan dute Ttakunek eskaintzen dien "ezinbesteko laguntza"; eragile horrek uzten die kanpainetan banaketak egiteko Ttakunenea gunea.