Udal gobernuaren "autokonplazentzia" kritikatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 12a

Hipodromo etorbideko edukiontzi batzuk.

Udalak garbigune txikiak jarri dituela iragartzeko agerraldia egin eta gutxira bertan esandakoak baloratu ditu Eguzki Talde Ekologistak. "Etxeko hondakinez egin duen kudeaketari dagokionez behintzat, udal gobernuaren autokonplazentziak ez du mugarik", adierazi dute eragile horretako kideek. "Europako araudiak ezartzen dituen estandarretatik oso hurbil dagoela esan arren, errealitatea da Hondakin Legea urratu duela Lasarte-Oriak; 2025ean, gutxienez, zaborraren % 55 gaika bildu behar zuela ezartzen du araudi horrek". 

Horri lotuta, nabarmendu du Gipuzkoako 88 udalerrietatik hamarrek urratzen dutela legea eta Lasarte-Oria dela horietako bat. "Eta zergatik dago Lasarte-Oria Gipuzkoan gutxien biltzen dutenen artean? Udalak alor honetan beti ahal den gutxiena eta ahal den beranduen egin duelako". Eguzkiko kideen aburuz, gainera, egin duena ez du beti ongi gauzatu: "Organikoaren edukiontziak, itxita zeudenak, zabaldu egin zituen; errefusako edukiontzi gehien-gehienak ere, itxita beharko luketenak, irekita daude".

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2024ko –"behin betikoak diren azkenak" direla azaldu dute– hiri hondakinen bilketa datuak oinarri hartuta datuak atera dituzte Eguzkiko kideek eta grafiko interaktibo hau prestatu dugu erredakzioan:

"Udal gobernuak iragarri du neurriak hartzen jarraituko duela. Beharrik. Izan ere, oraindik ez da iritsi % 55eko portzentajera eta galdutako denbora berreskuratu beharko du, legeak 2030erako ezartzen duen gutxieneko berria lortzeko ere, % 60koa", azaldu dute Eguzkiko kideek. 

Hondakinei lotutako udal tasez

Asteleheneko agerraldi amaieran Agustin Valdivia alkateak adierazi zuen hondakinei lotutako udal tasak berrikusteko mahaia eratu eta lanean ari direla. Horren gaineko balorazioa ere egin dute Eguzkikoek. "Berrikusi egingo dituztela esan dute, 'hondakin gutxien sortzen duenak gutxiago ordainduko duen eredurantz jotzeko'. Bada, hori ere legeak ezarritako baldintza da eta gogoratu behar da orain arte horren aurka egin duela udal gobernuak, gaikako bilketan parte hartzen dutenak tarifa finkora zigortuta". Neurri hori "antiekologikoa ez ezik, sozialki injustua" iruditzen zaie eragile ekologistako ordezkariei: "Arduraz jokatzen duten birziklatzaileak zigortzen ditu, eta axolagabeak, berriz, saritu". 

Amaitzeko, esan dute "suspentso galanta" atera duela udal gobernuak hondakinen kudeaketan. "Osasungarria iruditu arren, ez dugu autokritika publikorik eskatuko, baina bai behar bezalako neurriak behingoz hartzea. Autokonplazentziak horretan lagundu ez arren".

Erlazionatuak