Hiru garbigune txiki berri jarri dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 9a

Hiru garbigune txiki berri jarri ditu udalak Zatarain auzoan (Olatxoaldea eta Artzailurra kaleen lotunean, zehazki) eta Adarra nahiz Asteasuain kaleetan. Ohiko edukiontzietan bota behar ez diren etxeko hondakinak (tresna elektroniko txikiak, pilak, bonbillak, CDak, aerosolak...) utzi ahalko dituzte horietan. Agustin Valdivia alkateak eta Zerbitzuak saileko zinegotzi David Mateosek azaldu dute beste urrats bat egin dutela azken urteotan garatzen ari diren "zaborraren bilketa sistema hobetzeko prozesuan".  

Norabide horretan, Mateosek 2025eko zenbait datu aipatu ditu: "Eskura ditugun azken datuen arabera gaikako bilketa ia % 9 igo da, % 44,86tik %53,30era; horrek erakusten du udalerriko birziklatze sistemak bilakaera positiboa izan duela urte horretan". Halaber, hondakin organikoen bilketak "% 57 egin du gora" eta modu horretara jasotako 827 tona zabor bildu dute. Horrekin batera, errefusa % 18,13 jaitsi da eta herrian sortutako hondakin kopuru osoak % 4,81 egin du behera. Datu bildumarekin bukatzeko zehaztu du lasarteoriatar bakoitzak 327 kilo hondakin sortzen dituela urteko, "Euskal Autonomia Erkidegoko eta Europar Batasuneko batez bestekoak baino gutxiago". 

San Marko Mankomunitatearen barruan hondakin gutxien sortzen duen udalerrietako bat izanagatik, Mateosek adierazi du badagoela "hobetzeko tartea", batez ere, "frakzio organikoan". Hori horrela, "sentsibilizazio kanpaina berriak egiten eta bilketa sistema hobetzen" jarraituko dutela azpimarratu du. 

Azpiegituren sarea

Agustin Valdivia alkateak esan du udalerriak baduela jada "hondakinak behar bezala bereiztea errazten duen azpiegitura sarea". Horren barruan sartu ditu garbigune txikiak eta edukiontzi uharte berriak. "Gainera, laster, edukiera handiagoko kontainerrak jarriko ditugu, herritarrentzat are errazagoa izan dadin birziklatzea". 

Horrekin batera, gogorarazi du udal korporazioan ordezkaritza duten alderdiak lanean ari direla hondakinekin lotura duten tasak berrikusteko, "zabor gutxien sortzen dutenek diru gutxiago ordainduko duten eredurantz aurrera egiteko". Aurtengo urte osoa hartuko dute horretarako eta, ondo bidean, datorren urteko zergak moldatzea da helburua.