Emakume elkartekideak bigarrenez batuko dira apirilaren 25ean

Txintxarri Aldizkaria 2026ko martxoaren 11

Elkarte gastronomikoetako zenbait emakume bazkide eta udal ordezkari batzuk, topaketaren egitaraua aurkezten.

Lasarte-Oriaren kultura ondarearen zutabeetako bat dira elkarte gastronomikoak eta horietako bazkide diren emakumeek mugarri nabarmena ezarri dute euren arteko topaketarekin. Bigarren edizioa apirilaren 25ean aurrera eramango dutela iragarri dute eta egitaraua aurkeztu dute antolatzaile lana hartu duen Semblante Andaluz eragilearen egoitzan. Egun "zoragarria" igaroko dutela azpimarratuta, eragileetako bazkide guztiak animatu dituzte izena ematera.

Aniztasuna eta elkartasuna dira udalerriaren ezaugarrietako bi, ekimenaren aurkezpen ekitaldian adierazi dutenez. Horren muinean elkarte gastronomikoen lana dagoela adierazi dute, baita horietako bazkide diren emakumeena ere. Hori horrela izanik, Emakume Elkartekideen II. Topaketa antolatu dute, euren guztien ezagutza trukatu eta parte hartzeaz gogoeta egitea ahalbidetuko dien jarduera "berritzaile eta desberdina". Apirilaren 25ean aurrera eramango dute, egun osoz. 

Udal ordezkariak gonbidatu dituzte prentsaurrekora eta Gizarte Zerbitzuak departamentuko zinegotzi Lourdes Acevedok hartu du hitza antolatu duten ekimenagatik eskerrak emateko. Adierazi du "iazkoa baino bereziagoa" izango dela aurtengo topaketa: "Urtarrilaren 18tik aurrera esan dezakegu herriko elkarte gastronomiko guztietan dagoela gutxienez emakume bazkide bat". Hori horrela izanik ere, onartu du lan "asko" dutela oraindik egiteke: "Zergatik ez, emakumeak eragile horietako ardura eta zuzendaritza postuetara heltzea sustatu behar dugu. Eremu horiek libreak, seguruak eta errespetuzkoak izan daitezen, zuen hitza kontuan izan eta nabarmendu behar dute". 

Hauxe da apirilaren 25erako antolatu duten ekimen sorta:

Egitaraua

  • 11:00etan, Palomo Linares elkartean, txupinazoa jaurtiko dute eta topaketako partaideei ongietorria egingo diete.
  • 11:15ean, Palomo Linares elkartetik hasita, pintxo-potea eta kalejira egingo dituzte Arranopola gazte txarangako kideekin batera. Jateko eta edateko tarteak elkarte horretan bertan, Arrieskalletan eta Xirimirin egingo dituzte.
  • 14:00etan, Semblante Andaluz elkartean, bakarrizketa kutsuko gogoeta egingo dute Bea Egizabalekin.
  • 14:30ean, Semblante Andaluz elkartean, bazkaldu egingo dute.
  • 17:00etan, Semblante Andaluz elkartean, bazkalosteari ekingo diote bingo musikatuarekin. "Zenbait sorpresa" ere iragarri dituzte.

Bazkarirako menuak 30 euro balio dituela jakinarazi dute antolatzaileek eta hau jango dutela: salmorejo andaluziarra, flamenkinak, andaluziar erara gisatutako haragia eta banilla izozkidun torrada. Edateko ardoa, sagardoa edota ura izango dituzte aukeran, baita bazkalosteko kafea edota infusioa ere. Alergiaren bat duenak edo aukera beganoa nahi dutenei antolatzaileekin harremanetan jartzeko eskatu diete.

 
Erlazionatuak

Errepikatzeko moduko topaketa

Txintxarri Aldizkaria 2025 mar 17 Gizartea

Emakume Elkartekideen Topaketa

Txintxarri Aldizkaria 2025 mar 16 Gizartea