Errepikatzeko moduko topaketa

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 17a, 10:30

Emakume Elkartekideen Topaketa festa ederra izan da. Parte hartzaile guztiek adierazi dute hurrengo urteetan igande honetan hasitakoarekin jarraitu behar dutela; nolabait esatearren, topaketa hau tradizio egin.

Orain arte ez da halakorik jazo, Lasarte-Orian. Martxoak 16 egun berezia izan da. Ez dute erraz ahaztuko bertan parte hartutako pertsonek. Izan ere, igande honetan, herriko elkarte ugarietako hainbat emakume elkartu dira denen artean euren paper garrantzitsua ospatzeko asmoz; herriko ekosistema soziokulturala osatzen laguntzen dutela aldarrikatzeko, hain zuzen. Arestian esan bezala, inoiz ez da halako ekimenik egin. Alabaina, ziurrenik hurrengo urteetan Casa de Extremaduraren lekukoa hartuta, festa honek luzerako ibilbidea izango du. 

Emakume Elkartekideen Topaketa Semblante Andaluz Elkartean hasi da. Bertan, txupinazioa egin eta segidan, emakumeak poteatzeari ekin diote. Kroketak eta arraiez egindako salda. Lagunak, berriketan eta ezezagunak, euren artean adiskidetzen, bien bitartean, Oraintxe in deu! txarangak jotako doinuek giroa alaitu dute.

Segidan,Ttakuneneara jeitsi dira. Bi elkarteen arteko distantzia dantzaz egin dute. Orobat, txaranga aurrean izan dutelarik, emakumeek euren poza kaleko jendeari kontagiatu diete pertsona mordoa melodia abestera animatu baita. Beste batzuk, gazteak zein helduak, haiek egindako dantzak imitatzen saiatu dira festarekin bat egitearren.

Iñigo de Loyolan, poteoarekin jarraitu dute; hemen, txistorra pintxoa jan dute eta sagardoa, edan. Bizipozez beteriko paseoak Saustatxoruntz joaterakoan ere jarraitu du. Poteoa bertan amaitu da. Han, perretxikoak eskaini dira, eta nahi izan duen ororentzako, ardoa eskura izan da. Bi elkarte hauetan txupinazioa ere egin dute. Era berean, kokaleku guztietan talde argazkia egin dute topaketa aurrera eramateko lokala eta janaria eman izana eskertzeko. Nola edo hala, irudi horiek giro ederra "gordetzeko" ere balio izan dute. 

Ondoren, Casa de Extremadurara abiatu, eta txarangari agur esan dio taldeak. Horretarako, aurretiaz, Oraintxe in deu! taldeak Concha Velasco artistaren Chica Yé-Yé abestia jo du. Bueltan,a cappella abesti bat kantatu diete. Elkarren arteko estimua partekatuta, elkartera sartu dira eta Bea Egizabalean monologoaz disfrutatu dute, jan aurretik. Topaketaren harira, Egizabalek herriko elkarteen egoerari buruzko zenbait kontu umorez kontatu ditu. Emakumeek ederki pasa dute, barrezka eta, noizena behin, parte hartuta.

Ordubiak. Jateko ordua. Horretarako, Casa de Extremadurako kideak jaki goxoak prestatu ditu topaketarako: gazpatxoa, ogi mamiak, eta abar. Otorduarekin amaituta, karaokeari ekin diote. Binaka eta taldeka, elkarteko zerbitzariak ere kantu bat abestu dute. Goizeko giro ederrerari eutsita, arratsaldea ahala igaro dute.

Laburbilduz, gogoan izateko eguna izan da. Parte hartzaileak Emakume Elkartekideen Topaketa orain arte ospatu ez arren, argi erakutsi du horrelako ospakizuna egitearen beharra, belaunaldi askotariko emakumeak batzeaz gain, euren lana laudatzeko aukera ederra eskaintzen baitu.

Erlazionatuak

Emakume Elkartekideen Topaketa

Txintxarri Aldizkaria mar 16 Gizartea