Sorkun eta Grego lagun minak izan ditu protagonista ordubeteko obra honek. Aspaldian elkar egon gabe izan dira adiskideak, eta topo egiten dute bat-batean, gimnasioan. Kirola egiten ari direlarik, antropologia ikerketa burutzen dute, bizitza istorioak iturburu dituztela. Helburu dute galdera honi erantzutea: Zergatik ez dugu elkar ikusi hainbeste denboran? Feminismotik eta ohiko tonu ironikotik abiatuta, familia normatiboez aritu dira, ikuskizunean. Bea Egizabal herritarra eta Anduriña Zurutuza aritu dira aktore lanetan, eta Txefo Rodriguez izan da zuzendaria.
Programa oparoa
24. Korrikaren harira, Muntteri AEKrekin elkarlanean, askotariko adinei zuzendutako beste hainbat jarduera prestatu ditu Lasarte-Oriako Udalak.
Hasteko, hilaren 14an, AA Aita bazkarrizketa eskainiko du Jon Plazaola aktoreak, 19:00etan, kultur etxean. 6,10 euro balio dute sarrerek. Hamar egun beranduago, hilaren 24an, Euskaratik Sorkuntza mahai ingurua aurrera eramango dute, Ttakunenean. Intza Alkain, Ione Zabala, Uxue Odriozola, Uxune Iparragirre, Inge Mendioroz eta Karmele Salsamendi sortzaileek parte hartuko dute. Sara Etxeberria arituko da moderatzaile lanetan.
Egun handia hilaren 25a izango da Korrika herrira etorriko baita. Goizetik arratsalderako honako programa prestatu dute:
- Goizean, Korrika Txikia herriko ikastetxeetako ikasleekin.
- 12:55ak aldera, Korrika herritik pasako da, Errekaldetik sartuz Usurbilerako norabidean.
- 17:00etan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen haurrentzako ikuskizuna, Okendo plazan.
- 18:30ean, Erraldoi eta buruhandiak (LOZET) izango dira herriko kaleetan zehar.
- Korrikaren astean, haurrentzako marrazkien erakusketa, Mercero aretoan.