Lehenengo eta bigarren kanporaketak, finalerdiak eta finala. Horiek izango dira taldekako herriartekoko lau faseak, hilabete honetatik maiatz amaierara arte 57 taldek jokatuko dituztenak, zortzi eskualde hauetan banatuta: Buruntzaldea (horretan ariko da Earka! ), Debabarrena, Debagoiena, Donostia, Goierri, Oarso-Bidasoa, Tolosaldea, Urola eta Urola Kosta.
Herri eta eskualde bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera antolatuko ditu lehen faseko saioak: 40 bertsolari aurreneko aldiz ariko dira oholtzan eta, antolatzaileen aburuz are hobea dena, beste horrenbeste lagunek lan egingo dute guztia antolatzeko. Eskualde bakoitzeko talde bana sailkatuko da hurrengo fasera. Final handia maiatzaren 30ean jokatuko dute Aiako probalekuan. Txapelketaren esentzia mantenduko dute: bertso bazkari erraldoiaren formatua izango du.
Ver esta publicación en Instagram
Bertso eskolak saretzeko
Ekimen kolektibo horrek, banakakoarekin alderatuta, bestelako helburuak ditu: Gipuzkoako eskualdeetako bertso eskolak saretuko ditu eta aukera erakargarriak emango dizkie plaza gutxitan aritzeko abagunea duten bertsolariei. Antolatzaileen esanetan, sustatu dute partaideen profila "ahalik eta anitzena" izatea; emakume eta genero disidenteen parte hartzea sustatu dute, batez ere. Horrez gain, "bertso komunitate osoa" elkartuko dutela nabarmendu dute: bertsolariak, epaileak, gai jartzaileak, antolatzaileak eta zaleak. Aurreko bi edizioak 1999an eta 2017an jokatu zituzten.