Maddi Lasa, Araitz Ramos, Kattalin Lizarraga eta Leire Ormazabal izango dira Earka! taldeko bertsolariak txapelketa horretan. Gaiak Xuban Urdalletak jarriko du, epaile lanak Ane Labakak egingo ditu eta horien guztien ordezkaria Lierni Rekondo izango da.
Ekimen kolektibo horrek, banakakoarekin alderatuta, bestelako helburuak ditu: Gipuzkoako eskualdeetako bertso eskolak saretuko ditu eta aukera erakargarriak emango dizkie plaza gutxitan aritzeko abagunea duten bertsolariei. Antolatzaileen esanetan, sustatu dute partaideen profila "ahalik eta anitzena" izatea; emakume eta genero disidenteen parte hartzea sustatu dute, batez ere. Horrez gain, "bertso komunitate osoa" elkartuko dutela nabarmendu dute: bertsolariak, epaileak, gai jartzaileak, antolatzaileak, zaleak...
Lau fase, zortzi eskualde
Lehenengo eta bigarren kanporaketak, finalerdiak eta finala. Horiek izango dira taldekako herriartekoko lau faseak, hilabete honetatik maiatz amaierara arte 57 taldek jokatuko dituztenak, zortzi eskualde hauetan banatuta: Buruntzaldea (horretan ariko da Earka! taldea), Debabarrena, Debagoiena, Donostia, Goierri, Oarso-Bidasoa, Tolosaldea, Urola eta Urola Kosta.
Herri eta eskualde bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera antolatuko ditu lehen faseko saioak: 40 bertsolari aurreneko aldiz ariko dira oholtzan eta, antolatzaileen aburuz are hobea dena, beste horrenbeste lagunek lan egingo dute guztia antolatzeko. Eskualde bakoitzeko talde bat sailkatuko da hurrengo fasera.
Final handia maiatzaren 30ean jokatuko dute Aiako probalekuan. Txapelketaren esentzia mantenduko dute: bertso bazkari erraldoiaren formatua izango du.