Atzo iluntzean kultur etxeko auditoriora bertaratu zirenek bidaia zoragarria egin zuten mundu osoko itsaso eta ozeanoetan barrena. Itsaspeko zinema zikloko hirugarren eta azken proiekzioa egin zuten ekimenaren antolatzaileek, nazioarteko jaialdian urrezko kategorietan sarituak izan diren ikus-entzunezkoekin eta baita aurtengo ehun argazki onenen erakusketarekin. Film laburrak izan ziren gehienak, marrazoei buruzko Shark preyed dokumental luzea izan ezik. Azken horretan animalia horren garrantzia eta gizakiengandik pairatzen ari den etengabeko sarraskia –legezko datuen arabera 100.000 milioi ale hiltzen ditugu urtero baina, legezkoa ez den ehiza eta jarduera kontuan izanda, 270.000 milioi izan daitezke– erakutsi dute Marco eta Andrea Spinelli anai italiarrek, Shark Preyed. Comemos carne de tiburón sin saberlo lanean. Aurtengorako hautatu duten Egia zure begien aurrean leloaren adibide bikaina izan zen.
Hirugarren saioaren biharamunean zikloaren zuzendari David Sanchez Carreterorekin harremanetan jarri da TXINTXARRI, balorazioa eskatzeko. Bere aburuz, jarduera "erabat errotuta" dago udalerrian eta ikus-entzuleek "primerako erantzuna" eman dute aurten ere: "Itsasoa eta kalitatezko zinema dokumentala maite dituztenen topagune izan gara beste behin".
Adin tarte guztientzako
Astelehenetako emanaldiez aparte, Txikizikloa eta Adinzikloa lanketa bereziak nabarmendu ditu zuzendariak. "Atsobakar egoitzara bigarren aldiz joan gara eta itsaspeko zinema partekatu dugu bertako egoiliarrekin. Oso esperientzia aberasgarria iruditzen zaigu eta jaialdiaren irismen soziala areagotzen duenez, adin tarte guztietako herritarrengana iristeko konpromisoa berresten dugu horren bidez". Sasoeta-Zumaburu eta Garaikoetxea-Landaberri ikastetxeetako ikasleekin burututako jardunaldiari buruz, adierazi du 150 gaztetxok parte hartu dutela eta belaunaldi berrietako kideei itsasoa zaintzearekiko kontzientzia hartzen lagunduko diela. "Ingurugiroan ardaztutako heziketa funtsezkoa da".
Arestian aipatutako jarduera horietan 500 bat pertsonak parte hartu dute, Sanchezek zehaztu duenez. Horien guztien esker ona eta bultzada sentitu dute, batez ere, astelehenetako emanaldien ostean. Atzo bertan, amaitu eta berehala, ikus-entzule bat joan zen berarengana, proiekzioa "ikusgarria" izan zela esatera. "Gertuko babes horrek emango digu lanean jarraitzeko eta datorren urtean itzultzeko indarra: kontakizun, irudi eta are arrazoi gehiago ekarriko ditugu hemeretzigarren zinema ziklora".
Argazkiak, ostiralera arte
Ikus-entzunezkoen emanaldiak itxi dituzten arren zinema zikloa ez da bukatu, izan ere, argazki erakusketa ostiralera arte dago zabalik. Kultur etxeko aurreneko solairuko berritze lanak direla-eta, udaletxeko sarrerara eraman dituzte aurtengo irudi ikusgarrienak. "Eremu irekiago eta irisgarriagoa dela uste dugu eta ehunka pertsona pasa dira bertatik aste hauetan".
Amaitzeko, eskerrak eman dizkie antolatzaile lanetan laguntzaile dituen Danok Kide elkarteari eta Lasarte-Oriako Udalari, eta, batez ere, antolatutako ekimenetan parte hartu duten herritar guztiei. "Jarduerak ez luke zentzurik izango gure lana balioan jartzen duen komunitatearen ekarpena gabe".