Itsaspekoa ikusi eta entzuten hasi dira

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 9a

Ezker-eskuin: Jesus Mari Egizabal, Ainara Elicechea, Agustin Valdivia eta David Sanchez.

Gaur goizean ekin diote Lasarte-Oriako XVIII. Itsaspeko Zinema Zikloari. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan ikasten ari diren gazteentzat saio berezia egin dute. Hasi baino lehenxeago udaletxeko sarreran elkartu dira ekimenaren antolatzaileak, gogorarazteko aurtengo argazki erakusketa bertan jarri dutela hilaren 27ra arte. Horrekin batera, jakinarazi dute herritar ororentzako aurreneko proiekzioa arratsaldean egingo dutela kultur etxeko auditorioan, 19:00etan. Doakoak dira sarrerak, eserleku guztiak bete arte.

Realeko Urpekaritza sailak, Danok Kide elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak ia bi hamarkada daramatzate itsaspeko mundu zabala udalerrian erakusten: alde batetik, bertako bizitza eta koloreak; eta bestetik, azken urteetan batez ere, gizakiek eragindako kutsadura eta arriskuak. Hortaz, ur azpian murgildu eta ezagutze ariketa ez ezik, herritarrak kontzientziatzea da jarduera horren antolatzaileen asmoa.

Belaunaldi berriengan jarri dute arreta gaur goizeko Txikizikloan. Sasoeta-Zumaburu nahiz Garaikoetxea-Landaberri ikastetxeetako ikasleak (Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetakoak) kultur etxera bertaratu dira eta astea itsaspea esploratzen hasi dute. Gaztetxoenek ez ezik, Atsobakar egoitzako adinekoek ere izango dute ikasteko aukera, biharko Adinzikloan.

Besteak beste, itsasoetako kutsaduraren arriskuez hitz egin dute Txikizikloan. Argazkia: David Sanchez.
 

Horixe bera egin dezakete gainerako herritarrek gaur arratsaldean, 19:00etan hasiko delako hemezortzigarren ziklo honetako aurreneko emanaldia. Antolatzaileek gogorarazi dute sarrera doakoa dela, kultur etxeko toki guztiak bete arte. Hurrengo bi astelehenetan beste hainbeste pase egingo dituzte, ordu eta toki berean. Horietan guztietan aurtengo nazioarteko jaialdian sarituak izan diren lanak erakutsiko dituzte, hurrenkera honetan: brontzea, zilarra eta urrea.

Azkenik, udaletxearen eraikineko sarreran argazki erakusketa zabaldu dute. Normalean kultur etxean jarri izan dute, aurreneko solairuan, baina eraikin hori berritzeko lanetan ari direnez tokiz aldatu dute. Hilaren 27ra arte izango dute herritarrek bertaratzeko aukera, 09:00etatik 14:00etara.