90. hamarkada, 2000. urte ingurua. Euskal zinema latitude "mesedegarriago" batzuetara zihoan Esteban, Javi eta Josemi anaiek unibertso zinematografiko propio eta berezia sortu zutenean, euren Bilbollywood-a. Eurak hil ostean, zinema egiteko modu eta perspektiba horri buruzko dokumentala ondu du beraien alaba eta iloba den Jone Ibarretxek, Esto no es Hollywood. Lan horren bidez "azken pintzelkada" eman dio hiru anaien istorioari.
"Duela urte asko" hasi zen dokumentala prestatzen eta kontatu du prozesua behin baino gehiagotan aldatu duela. "Ekin genionean bizirik zegoen Esteban eta parte hartu behar zuen, baina hil ostean kontakizuna beste era batera antolatu genuen". Hiru anaietako baten lekukotzak ez, baina euren emazteenak jaso ditu ilobak: "Oso garrantzitsua izan da niretzat beraiek kontatutakoa jasotzea; unibertso horretako lehen planoan ez ziren egon baina beraiek sostengatu zuten".
Bere odol berbera daramaten anaien zinema egiteko modua "hobeto" ulertu du Ibarretxek dokumentala egin bitartean. "Pasioa nondik zetorkien eta zergatik, hori ezagutu dut. Miretsi egiten ditut bazeukatelako artista peto-petoen zorakeria kutsu hori; euren lanak espero edo nahi bezainbeste oihartzun ez izanagatik, bide horretan jarraitu zuten".
Hurrengo emanaldiak
Hilak 20, ostirala
- 20:00etan, kultur etxeko auditorioan, Arg(h)itzen lana emango dute. Sakana eskualdeko 30 pertsonaren lekukotzetan oinarritutako dokumentala da, 1966 eta 2011 urteen arteko tortura kasuei buruzkoa. Sarrerek 6 euro balio dute eta joaten direnek zuzendariarekin hitz egin ahalko dute emanaldiaren ostean.
Hilak 22, igandea
- 19:30ean, kultur etxeko auditorioan, Akelarre: marearen kontra lana emango dute. Musika talde horren ibilbidearen xehetasunak ezagutuko dituzte ikus-entzuleek. Sarrerek 6 euro balio dute eta joaten direnek zuzendariarekin hitz egin ahalko dute emanaldiaren ostean.
Hilak 27, ostirala
- 20:00etatik aurrera, kultur etxeko auditorioan, laburmetraien eguna egingo dute eta lau emakumek zuzendutako beste hainbeste lan emango dituzte: Cara de bicicleta (Amaia Nerekan, Itziar Zorita); Locas del ático (Tamara Garcia); Le prime volte (Giulia Cosentino, Perla Sardella); eta Habana industrial (Ainhoa Ordoñez). Sarrerak, 6 eurotan.